Ekainaren 7an amaitu zen Soldata Gardentasunari buruzko Zuzentaraua EB osora ekartzeko epea. Ekitatea ez da balio bat soilik, indar ekonomiko bat ere bada: genero-berdintasuna defendatzen duten herrialdeak ere lehiakorrenak dira. EBren itunek argi eta garbi ezartzen dute lan berak ordainsari bera merezi duela, emakume batek edo gizon batek egiten duen alde batera utzita. Gainera, europarren arteko hamarretik ia bederatzi bat datoz esatean onartezina dela emakumeek gizonek baino gutxiago kobratzea lan beragatik.

Hala ere, generoko soldata-arrakalak bere horretan jarraitzen du Europar Batasun osoan. Eurostaten azken datuen arabera, batez beste, emakumeen orduko diru-sarrera gordinak EBko gizonenak baino % 11,1 txikiagoak dira. Horren arrazoia hainbat faktore konplexu dira, hala nola emakumeek bete ohi dituzten rolen gutxiespena eta genero-estereotipoak, hezkuntzan, kontratazioan, igoeretan eta soldatetan eragiten dutenak.

2023tik indarrean, Soldata Gardentasunari buruzko Zuzentarauak ordainsari-berdintasunerako eskubidea gauzatzen laguntzen du. Zuzentarauak enplegatzaileei laguntzen die beren soldata-egiturek praktikan berdintasun-printzipioa betetzen duten ebaluatzen, eta langileei laguntzen die esparru argi bat ezarriz «balio bereko lanaren» kontzeptua aplikatzeko, trebetasunak, ahalegina, erantzukizuna eta lan-baldintzak barne hartzen dituzten irizpideetan oinarrituta. Gainera, enplegatzaileei talentua erakartzen eta atxikitzen lagunduko die, ordainsari-praktika argiagoak eta bidezkoagoak ezarriz. Soldata-gardentasunak langileak ahaldunduko ditu eta diskriminazioari aurre egiten lagunduko du, eta, aldi berean, abantaila lehiakorra emanen die Europako enpresei.

Proposamena prestatzeko fasetik, Batzordeak lankidetza estuan jardun du estatu kideekin eta alderdi interesdunekin, funtsezkoak baitira soldata-berdintasuna sustatzeko. 2023an proposamena onartu ondoren, Batzordeak Zuzentarauaren transposizioa babestu du 3,8 milioi euro baino gehiagorekin, Herritarrak, Berdintasuna, Eskubideak eta Balioak programaren esparruan, estatu kideetako soldata-gardentasuneko neurriak babesteko, bai eta beste 5 milioi euro ere, duela gutxi itxitako 2026ko proposamenen deialdiaren esparruan, genero-berdintasuna sustatzeko. Batzordeak estatuetako agintariei, enpresei eta langileei laguntzen jarraituko du, soldata-berdintasuna errealitate izan dadin Batasun osoan.