Europako Batzordeak Hamarkada Digitalaren egoerari buruzko laugarren txostena argitaratu du. Txosten horrek erakusten du Europak aurrera egin duela 2030erako eraldaketa digitaleko helburuetan (hala nola azpiegitura digital seguruak eta jasangarriak eta zerbitzu publikoen digitalizazioa), baina orain erronka da emaitzak eskala handian, azkar eta koherentziaz lortzea.

Txostena bat dator Batzordeak azken Eurobarometro berezia argitaratu izanarekin; izan ere, Europako herritarren gehiengo handi batek politika digitala EBren lehentasun absolututzat jotzen du, Europako etorkizun digital autonomoagoa irmoki babestuz.

Hamarkada Digitalaren Programa Estrategikoa EBren iparrorratz estrategikoa da, Europaren lehiakortasunean eta subiranotasun digitalean aurrera egiteko eta inbertitzeko. Txostenak EBk eremu guztietan digitalizazioan egindako aurrerapenak ebaluatzen ditu, bereziki azpiegitura kritikoetan, gaitasun digitaletan eta enpresen eta zerbitzu publikoen digitalizazioan. Aurten, txostena balantze soil batetik harago doa, eta EBko eta estatu kideetako lehentasunezko erreformak eta inbertsioak deskribatzen ditu, eremu digitaleko funtsen esleipenak EBren hurrengo urte anitzeko finantza-esparruan bideratzeko.

Henna Virkkunen presidenteorde exekutiboak honako hau adierazi du: «Hamarkada Digitalaren Programa Estrategikoarekin EBren eraldaketa digitalaren oinarriak ezarri dira. Bide horri jarraitu behar diogu Europaren subiranotasun teknologikoa lortzeko. Duela gutxi neurriak hartu ditugu erdieroaleen, IAren, hodeiaren eta kode irekiaren arloan dugun gaitasuna indartzeko. Une erabakigarria da, eta erabat aprobetxatu behar dugu Europaren autonomia eta erresilientzia indartzeko».

Informazio gehiago prentsa komunikatuan eta informazio fitxan.