BioAgora proiektuak, Science Service for Biodiversity (SSBD) ekimenaren bidez, jakintzaren sintesi bat prestatu du, Europan hiri-leheneratzeko soluzio gisa estalki berdeak eta landare-hesiak erabiltzearen ingurukoa, Europako Batzordeko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren eskaera bati erantzunez. ‘Sabai eta hesi berdeak: Europako esperientzien irakaspenak’ dokumentuak Europako esperientziak eta ebidentziak aztertu ditu eta orientabideak eman ditu toki-agintaritzek eta hiri-planifikatzaileek eraikinetan integraturiko landaredia erabil dezaten hiri-ekosistemak leheneratzeko tresna gisa.
Europako Batzordearen Knowledge Centre for Biodiversity (KCBD) sistemak bideratu zuen eskaera, eta BioAgorari esleitu zion erantzuna. Txostenaren edukiak (Europar Batasuneko Argitalpenen Bulegoan eskuragai) zuzenean laguntzen du Europar Batasuneko Natura Lehengoratzeko Erregelamendua inplementatzen eta, halaber, klimaren, biodibertsitatearen eta hiri-garapenaren inguruko politikak inplementatzen.
Sintesian, hirietan natura lehengoratzeko soluzio eskalagarri gisa identifikatzen dira estalki berdeak eta landare-hesiak. Aztertutako ebidentzien arabera, azpiegitura horiek abantaila neurgarriak ekar ditzakete erresilientzia klimatikoari, biodibertsitateari, efizientzia energetikoari eta giza ongizateari dagokienez.
Aztertu diren kasuek erakutsi dutenez, estalki berde estentsiboak dira modalitate erabiliena gaur egun. Hala ere, estalki intentsiboek eta landaredi bertikaleko sistemek balio handiagoa izaten ahal dute biodibertsitatearentzat eta erabilera sozialetan, betiere diseinu egokia, gobernantza argia eta behar adinako mantentze-lanak izaten badituzte.
Kokagune monitorizatuetan detektatu denez, energia-aurrezki nabarmenak izan dira hozte-energian eta euri-urak gordetzeko lanetan; gainera, ehunka espezieri lagundu zaie; bereziki, polinizatzaile eta intsektuei. Soluzio horien errendimendua aldatu egiten da faktore hauen arabera: sistemaren tipologia, landare-dibertsitatea, egituraren konplexutasuna eta hiri-sare berde zabalagoekin duten lotura.
Txostenak azpimarratzen du lidergo publikoan eta partaidetza pribatu eta komunitarioan oinarrituriko gobernantza-eredu hibridoek eragina dutela proiektuen efikazian. Adierazten du, halaber, ikuspegi parte-hartzaileak, biodibertsitatearen jarraipena eta estrategia funtzioaniztunak behar baino gutxiago erabiltzen direla oraindik ere.
Estalki berde eta landare-hesien harrera ona, eraginkortasuna eta epe luzerako inpaktua hobetzeko aukera gisa aurkeztu dira jarduera-ildo hauek. Horri guztiari esker, sintesia oinarri praktiko bat da ingurune eraikian aplikatutako soluzio berdeen bidez hiri-leheneratzeko helburuak lortzeko bidean aurrera egiteko.