Landa-eremuan egindako inbertsioak (% 44ko finantzaketa publikoa, Foru Gobernuaren ekarpenenekin eta EBko FEADER funtsekin), 9.053 pertsona eta erakunde onuradunetara iritsi dira eta 986 enplegu sortu dituzte.
Nafarroako Foru Komunitateak 930 milioi euro mobilizatu ditu guztira azken hamarkadan Landa Garapenerako Europako Programaren (LGP) eremuko proiektuen inbertsioetan, eta % 99,5eko exekuzio-maila lortu du. Garatutako ekimenek 9.053 pertsona edo erakunde onuradun izan dituzte, eta landa-ingurunean 986 enplegu sortzen lagundu dute.
Astearte honetan José María Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak balantzearen aurkezpenean adierazi duenez, “Funts publiko eta pribatu horiei esker, aurrera atera dira bokazio disruptiboko proiektuak, lehen sektorearen eraldatzea eta gure herrien dinamizazioa sustatu, eta bizi izateko eta lan egiteko aukerak ematen dituen espazio bilakatzeko landa-ingurunea”.
LGParen finantzaketa horien % 44 laguntza publikoen bidez ematen da inbertsioa palankaz jasotzeko, Nafarroako Gobernuak Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren bidez zuzenean eman dituen 218 milioi euroen eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsetatik (LGENF) eratorritako 187 milioi euroen artean. Gainerako 525 milioiak, aldiz, eragileek berek landa-ingurunean egindako inbertsio pribatuei dagozkie.
Tokiko ekonomiak, produkzio jasangarria eta gazteak
Balantze hau aurkeztu du Nafarroak LGParen bigarren aldian (2015-2025) —NPEaren bigarren ardatza—; Europar Batasunaren LGPa programa bat da, eta helburu hauek ditu: tokiko ekonomian eraginen duten proiektuak eta lurralde-garapen dibertsifikatua sustatu eta bultzatzea, azpiegituren modernizazioa, ingurumen-jasangarritasuna elikagai-ekoizpenaren ereduan, lehen sektorearen lehiakortasuna eta errentagarritasuna, belaunaldi-erreleboa landa-ingurunean, etab.
Testuinguru horretan, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak hiru mahai-inguru egin ditu gaur, asteartez, Nafarroako hiriburuan, NH Iruña Park hotelean, zeinetan parte hartu baitute LGP programaren barruko proiektu bana sustatu duten bederatzi pertsonak.
Aierdi kontseilariak, ekitaldia irekitzeko unean, nabarmendu du “funtsek eta landa-ingurune bizi, aktibo, askotariko eta partizipatibo batean jarduera dinamizatzeko Europako programak izan duten intzidentzia kualitatibo berezia”.
Botere publikoak landa-ingurunea biziberritzearen alde
Bestalde, Europako Batzordeak LGPa ordezkatzeko eta NPEak nekazaritza-sektorera bideratzen dituen funtsak murrizteko egindako proposamenak sortu duen egonezinari dagokionez, kontseilariak adierazi du Europar Batasunak jarraitu behar duela “baliabide nahikoak eta LGENFren antzeko funts espezifikoak ematen landa-ingurunea biziberritzeko estrategiei, haiei esker egin baitezake lehen sektoreak palanka-lana lurraldean tokiko ekonomiak garatzeko, enplegua sortzeko, biztanleria finkatzeko eta landa-inguruneko bizi-kalitatea hobetzeko”.
Landa Garapeneko Programaren jardunaldiaren irekieran parte hartu dute, halaber, Ana Ríos Europako Batzordeko Nekazaritza eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko ordezkariak, Aymeric Anguiano teknikari frantziarrak eta Isabel Bombal Nekazaritza Ministerioko Landa Garapen eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak.
Mahai-inguruetan, aldiz, protagonista izan dira Arantza Aldanondo nekazaria, Irache Echeverría eta Miren Otxotorena abeltzainak, Ignacio Zabaleta gestore kooperatibista, Iosu Amatria ardogilea, Eduardo Montero baso-teknikaria, Koldo Landa merkatari txikia, Eva Virto hezitzailea eta David Campión alkatea, guztiak ere LGPren funtsen bidez finantzaturiko eta jardunbide egokien zerrendan jasotako eta xehetasun-fitxa ugari dituzten toki-garapeneko proiektuen sustatzaileak. Esteka honetan kontsultatu daiteke.