Indarrean sartu dira gainazaleko eta lurpeko uretako kutsatzaileen zerrendak eguneratzen dituzten EBren arauak, erresilientzia hidrikoa hobetze aldera eta kutsadura murrizteko. Azken gomendio zientifikoak islatzen dira zerrenda eguneratuetan, eta substantzia berriak gertuagotik ikuskatzea eta kontrol zorrotzagoak pasatzea bermatzen dute.
EBk uraren kutsatzaileen zerrendan gehitu ditu ingurumenerako eta giza osasunerako kaltegarriak diren substantzia identifikatu berriak. Hona hemen haietako batzuk: zenbait PFAS, pestizidak eta produktu farmazeutikoak. Lehen aldiz, araudiak mikroplastikoei, antimikrobianoekiko erresistentzia adierazleei eta lurpeko uren ekosistema sentikorrei ere heldu die.
Lege berriak metodo berri bat sartu du, kutsatzaileek uraren kalitatean duten eragin konbinatua ebaluatzen duena, substantziak banaka neurtu gabe. Litekeena da monitorizazioa zehatz eta efizienteagoa izatea modu horretan.
Bestalde, legeak funtsezko papera ematen dio Substantzia Kimikoen Europako Agentziari (ECHA) etorkizuneko berrikuspen eta arauak ikuspegi bateratuagoarekin prestatzeari dagokionez.
Legeak EBko herrialdeen informazio-betebeharrak sinplifikatu ditu eta jarraipen-datuak Batzordearekin trukatzea erraztuko du Europako Ingurumen Agentziarekin lankidetzan garatuko diren tresna digitalen bidez.
«Ez hondatzearen» printzipioa ere definitu du, eta kasu espezifikoetan malgutasun handiagoz aplikatzeko aukera ematen du. Hobekuntza-obrak erraztea da horren helburua; adibidez, zubiak eraikitzea eta uholdeetatik babesteko lanak (uraren kalitateari eragin diezaiokete denboraldi batez), bai eta kutsadura, areagotu gabe, beste toki batera eramaten duten jarduerak ere, hala nola lanak drainatzea eta sedimentuak dragatzea.
EBko herrialdeek 2027ko abenduaren 22aren aurretik inplementatu behar dituzte arau berriak. Kutsatzaileen zerrendak aldian-aldian berrikusten jarraituko da, eta eguneratu eginen dira, beharrezkoa izanez gero.