Europako sei herrialdetako hamazazpi bazkidek parte hartzen duten ekimen honen helburua da teoriaren eta praktikaren arteko etena itxi eta eskualdeak “berrikuntza jasangarriko laborategi bizi” bilakatuko dituen bikaintasun profesionaleko zentro bat (CoVE) ezartzea. Foru Komunitatearen kasuan, Orekan sozietate publikoak zuzentzen du ekimena, eta partaide dira NUP, CEIN eta Nafarroako Erdialdeko Eremuko Enpresen Elkartea (AEZMNA).
Kontinente Zaharrean ekonomia zirkularraren inguruko prestakuntzaren etorkizuna eraikiko duen CoVE Receba Europako proiektua sustatzen parte hartzen duen eskualdeetariko bat da Nafarroa. Hala, Europako ekimena aste honetan abiarazi da ofizialki Erroman, eta han izan ziren Europako sei herrialdetako hamazazpi bazkideak, ekonomia zirkularraren inguruko prestakuntzaren etorkizuna eraikitzen hasteko prest. Foru Komunitateak ordezkaritza zabalarekin dihardu proiektu honetan, zuzendari dela Orekan sozietate publikoa eta Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzarako Europako Zentroa (CEIN), Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) eta Nafarroako Erdialdeko Eremuko Enpresen Elkartea (AEZMNA) erakundeen partaidetzarekin.
Ekimenaren helburua da bikaintasun profesionaleko nazioz gaindiko zentro (CoVE) bat ezartzea, prestakuntza integratuko duena eskualdeko espezializazio adimendunaren eragile nagusiekin. Europa mailako helburu nagusia da teoriaren eta praktikaren arteko etena ixtea, eskualdeak berrikuntza jasangarriko laborategi bizi bilakatuz potentzial teknologikoa eta hura sustatzeko beharrezko giza kapitala elkartzearen bidez.
Europako sei herrialdetako hamazazpi bazkideren aliantza sendo bat da Receba proiektua (Regional Circular Economy Business Acceleration), prestakuntza-hornitzaileen, ikerketa-zentroen, agintaritza publikoen eta enpresa-clusterren sare batek osatua. Testuinguru horretan, Orekanek funtsezko papera du bazkide nafarren eskualdeko koordinatzaile gisa, ekonomia zirkularra sustatzeko politika publikoak eta Navarra Zirkularra, Hondakinen Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularra Sustatzeko Bulegoa eta bestelako funtsezko tresnetako parte-hartzea kontziliatzen baititu.
CEINek, aldiz, Nafarroako enpresek ekonomia zirkularrean dituzten gaitasun-premiak identifikatzeko sistema bat garatzearen inguruko lan-paketearekin zerikusia duten ekintzak zuzenduko ditu Europa mailan. NUPek, berriz, partzuergoaren gaikuntza-programen eta prestakuntza-curriculumen diseinua zuzentzen du. Bestalde, AEZMNAren ardura da soluzio horiek industria-ehunaren erdigunera iristen direla bermatzea.
Proiektuak 903.761,62 euroko aurrekontu totala du Nafarroan; Europako finantzaketa 723.009,24 eurokoa da, eta ekonomia zirkularraren inguruko profesionalentzako prestakuntza hobetzean zentratuko da. Horretarako, bermatuko da eskaeraren araberakoa dela, praktikoa, eta lotura zuzena duela jasangarritasunaren, berrikuntzaren eta garapen ekonomikoaren alorretan eskualdeetan dauden tresnekin.