Batzordeak Schengen eremuaren egoerari buruzko bosgarren txostena argitaratu zuen, zeinean aztertzen baitira azken urtean eremu horretan egindako aurrerapenak eta datorren urterako lehentasunak ezartzen baitira. Egokitzeko gaitasuna duela erakusten jarraitu du Schengen eremuak, nola EB mailan hala nazio mailan egiten diren ahalegin kolektiboei esker.

Schengen eremua da Europar Batasunaren lorpen ukigai eta baliotsuenetariko bat, aukera ematen baitie EBko 450 herritarri baino gehiagori mugez gaindi askatasunez bidaiatu, lan egin, ikasi eta bizi izateko; era berean, merkataritza, turismoa eta salgaien zirkulazio librea babesten du, funtsezkoak baitira Europako ekonomiarentzat, eta lankidetza sendoan dihardu Batasunaren kanpo-mugak babesteko.

Azken urtean lortutako alderdi esanguratsuak azpimarratu ditu Schengen eremuaren egoerari buruzko 2026 txostenak. Horietako lorpenetako batzuk dira kanpo-mugaren babes handiagoa eta legez kontrako muga-zeharkatzeak 2025ean % 26 jaitsi izana 2024aren aldean. Baterako ahaleginen emaitza gisa, halaber, EBn bizi izateko eskubiderik ez duten pertsonen itzulera eraginkorragoak lortu ziren: 2025ean % 28ko itzulera-tasa izan zen, azken 10 urteetako altuena. Kanpo-muga babesteari dagokionez, ekintza gogoangarria izan zen Sarreren/Irteeren Sistema (EES) erabat martxan jartzea 2026ko apirilean. Horri esker, Schengen eremu sendo eta digitalizatuago bat lortu zen. Sistema aplikatu zen lehen 6 hilabeteetan, estatu kideek 66 milioi sarrera eta irteeratik gora erregistratu zituzten, eta sarbidea ukatu zitzaien EBn sartzeko eskubiderik ez zuten 32.000 pertsonari baino gehiagori. Europako Batzordeak EBren lehenbiziko bisa-estrategia ere onartu zuen 2026ko urtarrilean.

Aldi berean, txostenak erakutsi zuen badirela oraindik erronka batzuk EB mailako ekintzak eta Schengen estatuen ekintzak eskatzen dituzten. Garrantzi berezia du horrek egungo testuinguru geopolitikoan; izan ere, erantzukizun kolektibo handiagoa behar da Schengen eremuak segurua, bateratua eta erresilientea izaten jarraitzea bermatzeko.

Alderdi hauetan zentratuko dira Bosgarren Schengen zikloaren (2026-2027) lehentasunak: lortutakoak sendotzea, falta diren urritasunak lantzea eta gaur egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestakuntza hobetzea. Eremu hauek lantzen jarraituko da:

  • Schengen eremuaren kanpo-testuingurua babestea, barnean dela Bisen Kodea berrikusteko azken proposamena, EBren bisa-politikaren segurtasun-alderdiak landuko dituena. Halaber, herrialde giltzarriekiko aliantzak lehenetsiko dira, berrikuntzarako talentua erakartzeko eta EBren lehiakortasun globala hobetzeko.
  • Kanpo-muga integratua, Schengen eremu seguru baterako: prozeduren digitalizazioa sustatzea, Sarreren eta Irteeren Sistema berria inplementatuz etengabe eta bisarik behar ez duten pertsonentzako ETIAS baimen berria abiaraziz. Hori guztia indartzeko, Kontrol Erregelamendua aplikatuko da eta Migrazioaren eta Asiloaren inguruko Itunaren esparruan indartutako kontingentzia-plangintza eginen da.
  • Itzulera-sistema eraginkorra: Schengen estatuek are gehiago sendotu behar dituzte itzulerak babesteko gaitasun operatiboak eta tresnak, Frontex-en babesa baliatuz. Itzulerako muga-prozedura berria aplikatzeak —Migrazioaren eta Asiloaren inguruko Itunaren funtsezko elementua— EBren itzulera-sistema indartuko du. Batzordeak, gainera, 2026an itzulera digitalizatzeko legegintzako proposamena aurkeztuko du, testuinguru horretan kasuak kudeatzeko sistema digitalak garatzeko. Modu horretan, agintaritza nazionalen karga administratiboa murriztuko da, prozesuak erraztu eta automatizatuko direlako.
  • Barne-segurtasunaren alorrean lankidetzan aritzeko marko operatiboa sendotzea elkarrizketa egituratu eta jarraitu baten bidez; Schengen eremuaren koordinatzaileak bideratuko du, eta parte hartuko dute estatu kide interesdunek eta barne-mugen kontrolen eragina dutenek —kontrol horiek pixkanaka kenduko direla kontuan hartuz—.
  • Schengen eremuaren gobernantza sendotzea, epe luzerako hurrengo aurrekontuaren (MFP) esparruko finantzaketa estrategikoarekin eta eztabaida sistematiko eta herrialde bakoitzerako espezifikoagoekin. EB mailan, lanean jarraitu behar da Zipre Schengen eremuan sartzeko prozesua osatzeko, Irlandako barne-segurtasunaren inguruko Schengen arauak erabat aplikatzeko eta EBn sartzeko herrialde hautagaiekin elkarrizketa aktiboak mantentzeko.