Europako Batzordeak pozik hartu du Europako Parlamentuak eta EBko Kontseiluak AEBko industria-produktu guztien muga-zergak ezabatzen dituzten eta AEBko nekazaritza- eta arrantza-produktu batzuentzat merkaturako lehentasunezko sarbidea ematen duten erregelamenduen inguruko akordio politikoa, EBren eta AEBren artean 2025eko abuztuaren 21ean adostutako Aitorpenean EBk hartu zituen konpromisoekin bat etorriz. Adosturiko azken testuak orain aurkeztuko dira, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak formalki har ditzaten datozen asteetan, lehenbailehen indarrean sartzea bermatzeko.

Erregelamenduen bidez AEBko esportazioei emandako merkaturako sarbide liberalizatuari esker, EBko industriak eta kontsumitzaileek behar dituzten ondasunak merkeagoak eta eskuragarriagoak izatea bermatuko da, EBren sentikortasunak arriskuan jarri gabe.

Aldi berean, EBren merkataritza-akordioetan gertatu ohi denez, Erregelamenduek asaldura posibleen aurkako berme sendoak ematen dizkiote EBren industriari babes-klausula baten bidez. Merkataritza-fluxuen aldizkako jarraipenak bizkor jarduteko aukera emanen du Estatu Batuetatik datozen esportazioak modu kaltegarrian edo potentzialki kaltegarrian areagotzen badira.

Erregelamenduek, bestalde, EBren eta AEBren baterako adierazpenean hartutako konpromisoak betetzeko beharrezko tresnak ematen dizkie EBri. Espezifikoki definituriko inguruabarretan, erregelamenduek aukera emanen diote EBri muga-zergen emakidak erabat edo partzialki etenez erantzuteko.

Akordioak bermatzen du EBren eta AEBren baterako adierazpenaren helburu nagusiak betetzea —merkataritza eta inbertsio transatlantikoak egonkor, justu, aurresateko moduko eta bi alderdientzako onuragarri mantentzea—, eta bidea irekitzen du eremu berriak esploratuz merkataritza transatlantikoa sustatzeko, EBren esportazioentzako muga-zergak murrizte aldera.