Valdis Dombrovskis komisarioak, Batzordearen izenean, Elkar Ulertzeko Memoranduma sinatu du Ukrainarekin, hurrengo laguntza makrofinantzarioa babesteko Ukrainari laguntzeko maileguaren esparruan. Maiatzaren 18ko Laguntza makrofinantzarioko batzordean parte hartu zuten estatu kideen onespen formalaren ondotik sinatu da memoranduma.

Laguntza makrofinantzariorako parametro nagusiak ezartzen ditu Elkar Ulertzeko Memorandumak, barnean hartuta tarteen zenbatekoa eta laguntza makrofinantzarioa ordaintzeko baldintzak. Horietako baldintza batzuk dira Ukrainak une oro errespetatzea mekanismo demokratiko eraginkorrak, zuzenbidezko estatua —barnean dela ustelkeriaren aurkako borroka— eta giza eskubideak.

Nabarmendu beharrekoa da Elkar Ulertzeko Memorandumak xedatzen dituela, halaber, laguntza makrofinantzarioaren tarte bakoitza ordaindu aurretik Ukrainak bete beharreko baldintza politikoak. Ukrainari laguntzeko maileguarekin bat etorriz, baldintza politikoek aurrekontu-ikuspegia dute eta hiru ardatz nagusiren inguruan egituratzen dira: diru-sarreren mobilizazioa, gastu publikoaren efizientzia eta finantza publikoak kudeatzeko sistemak. Hiru ardatzetako neurriak sartzen dira lehen ordainketarako baldintzen artean; besteak beste, plataforma digitalen bidez lortutako diru-sarreren ezarpenerako, inbertsio publikorako sektore-estrategiak garatzeko eta Ukrainako Aduana Kodea eguneratzeko ekimenak.

Sinaduraren ondotik, Ukrainak ere sinatu eta berresten ahalko du Elkar Ulertzeko Memoranduma. Etapa horiek osatu eta Elkar Ulertzeko Memoranduma indarrean sartzen denean, Batzordeak berehala ekinen die 2026ko bigarren hiruhilekoan laguntza makrofinantzarioaren lehen tartea (3.200 milioi eruro) ordaintzeko egin beharreko gainerako izapideei, betiere Ukrainak dagozkion baldintzak betetzen baditu.

Valdis Dombrovskisek, Ekonomia eta Produktibitate, Inplementazio eta Sinplifikazioko komisarioak, hau esan du: «Gaurko sinadurarekin, bide onetik goaz, gutxiago falta baita Ukrainari laguntzeko maileguaren lehen ordainketarako. Ukrainako ekonomiaren erresilientzia indartu, diru-sarrera nazionalak sustatu eta ustelkeriaren aurkako borroka sendotuko ditu laguntza honek. Erreforma-baldintza argi batzuk betetzearen mende dago, eta agerian jartzen du, beste behin ere, EBk Ukrainari beharrezko denbora-tartean laguntzeko duen konpromisoa».