Madrilen, Museoen Nazioarteko Egunean, aire zabaleko “Antimikrobianoekiko erresistentzia marraztuz: hogeita hamar historia, osasun bakar bat” erakusketa egin zen. Ebidentzia zientifikoa ikusizko kontakizun bilakatzen du Europako ekimen paregabe honek, dagoeneko medikuntza modernoa arriskuan jartzen ari den mehatxua ikusgai egiteko. 30 herrialdetako artistek sorturiko 30 irudi baliatuz, premiazko mezu bat ekarri du erakusketak espazio publikora: ez badugu zerbait egiten, antibiotikoek eta beste medikamentu antimikrobiano batzuek gaur egun segurutzat jotzen dugun efikaziarekin funtzionatzeari utziko diote. Antimikrobianoen erresistentziari eta osasun-laguntzari loturiko infekzioei buruzko EU-JAMRAI 2 Europako bigarren Ekintza Bateratuaren testuinguruan kokatzen da proiektua, Medikamentuen eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak (AEMPS) zuzentzen duelarik haren komunikazio- eta sentsibilizazio-eremua.
Europako 30 herrialdetako —EBko 27 estatu kideak eta Norvegia, Islandia eta Ukraina— artisten ilustrazioak jasotzen dira erakusketan, osasun publikoaren inguruko kontzeptu konplexuak One Health/Osasun Bakarra (giza osasuna, animalia-osasuna eta ingurumenekoa) herritarrengana gerturatze aldera. Giza osasunaren, animalia-osasunaren eta ingurumenaren osasunaren, komunikazioaren, psikologiaren eta beste arlo batzuetako adituekin batera sorturiko mezu esanguratsu batekin batera aurkezten da obra bakoitza; hiru ardatzetan egituratzen dira mezu horiek : zer den erresistentzia antimikrobianoa (EAM), zergatik den garrantzitsua eta zer egin dezakegun.
Talentuaren, ospearen eta inpaktuaren inguruko irizpideen arabera hautatu dira ilustratzaileak, zeinak ezagunak baitira beren herrialdeetan eta, haietako asko, nazioartean ere bai. Gainera, ekimenaren komunikazio-helburua kontuan hartuz, sareetan zabaltzeko gaitasuna duten artistak hautatu dira, proiektuak herrialde parte-hartzaileetan duen irismena sendotzeko. Óscar Alonso artista espainiarra (72 kilos) ilustratzaile ezaguna da, zeinak zientzia arte bilakatzeko duen ikuspegia erakutsi baitu, antimikrobianoekiko erresistentzia publikoarentzat ulergarriagoa eginez.
Erakusketa ibiltaria Vienan estreinatu zen abenduaren akaberan, eta, orduz geroztik, Varsovian, Bruselan, Lyonen eta Erroman ikusi dute, Madrilera iritsi aurretik. Madrilen ondotik, aldiz, Lisboan eta Reykjaviken bisitatzen ahalko da datozen hilabeteetan. Madrilen bi astez izanen da publikoarentzat irekia Juan Goytisolo plazan, Reina Sofía Arte Zentroaren Museo Nazionalaren ondoan. Inaugurazio-ekitaldian izan dira, besteak beste, Javier Padilla Osasuneko estatu-idazkaria, María Jesús Lamas AEMPSeko zuzendaria, María Canal Europako Batzordearen Ordezkaritzaren Espainiako bozeramailea, 72 kilos ilustratzailea eta Antonio López AEMPSeko Antibiotikoekiko Erresistentziaren aurkako Plan Nazionalaren koordinatzailea.
Ekimena ez da erakusketa huts bat: onlineko dimentsioa eta offlineko dimentsioa dituen kanpaina baten parte da. Kanpaina digitala 2025eko azaroan abiarazi zen, Antibiotikoen Erabilera Arduratsuaren Europako Astearen testuinguruan, #SketchingAntimicrobialResistance traolarekin eta sare sozialetako hedapenarekin, ilustratzaileen eta haien komunitateen eragina areagotzeko.
Gainera, webgune eleaniztun bat ere badu proiektuak, ilustrazioak eta mezuak hainbat hizkuntzatan jasotzen dituena, bai eta 30 artisten jatorrizko ilustrazioen bilduma bat ere, hezkuntzarako eta sentsibilizaziorako baliabide gisa.
EAMa erronka kliniko bat baino gehiago da, lotura baitu medikamentuak erabiltzen diren, infekzioak prebenitzen diren eta ingurunea zaintzen den moduekin; hain zuzen, horregatik jotzen da medikuntza modernoa ahultzen ahal duen mehatxu gero eta handiagotzat. Hala, Europar Batasunean urteko 33.000 heriotza eragiten ditu eta 1.500 milioi euroko kostu sozial zenbatetsia du.
30 herrialdetako erakunde eta adituak elkartzen dituen eskala handiko Europako ekimen bat da EU-JAMRAI 2, eta antimikrobianoekiko erresistentzia (EAM) moteltzea eta osasun-asistentziari loturiko infekzioen prebentzioa eta erantzuna sendotzeko helburua du, Europan koordinazioa hobetzeko One Health (Osasun Bakarra) ikuspegiaren testuinguruan. Medikamentuen eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak (AEMPS) zuzentzen du Espainiaren partaidetza proiektu honetan. Caption EU4Health programak eta bazkide parte-hartzaileek kofinantzatzen dute EU-JAMRAI 2, 62,5 milioi euroko guztizko aurrekontua duela, Europako Batzordeak emandako 50 milioi euroak barne hartuz; 30 herrialdetako 120 erakundek baino gehiagok parte hartzen dute ekimenean.