Sarrera librea eta doakoa izanen da, eta 9:00etatik 13:30era egonen da irekita

Lanbide, Nafarroako Lansare eta France Travail  erakundeez gainera, Gipuzkoa, Nafarroa eta Akitania Berriko berrogeita hamar enpresak baino gehiagok (ostalaritzaren, elikaduraren, industriaren eta zerbitzuen sektorekoak, besteak beste) 200 bat lanpostu eskainiko dituzte maiatzaren 21ean, Irungo Ficoban. Tituluen homologazioan laguntzen duen Bidez Bide  eta atzerritartasun-gaietan aritzen den Adiskidetuak  elkarteek ere parte hartuko dute.

Irun eta Hondarribiko udalek —Bidasoa bizirik elkartearen bidez— eta Euroeskualdeak antolatu dute Lanean azoka: 09:00etatik 13:30era egonen da zabalik, eta sarrera librea eta doakoa izanen da.

Lanean azokan, lan bila aktiboki dabiltzan pertsonek aukera izanen dute Gipuzkoa, Nafarroa eta Akitaniako enpresen eskaintzak ezagutzeko eta elkarrizketak egiteko, bai eta hiru lurraldeetako enplegu-zerbitzuei buruzko informazio praktikoa jasotzeko ere. Gainera, ordenagailuz eta inprimagailuz hornitutako gune bat egokituko da, curriculumak unean bertan inprimatu ahal izateko.

Antolatzaileen hitzetan, ekimen honek mugaz gaindiko lankidetza indartzen du, eta Bidasoa eskualdeak Euskadi, Nafarroa eta Frantziako hegoaldearen arteko zubi natural gisa duen garrantzia nabarmentzen du. Izan ere, Europako POCTEFA programak finantzatutako proiektu baten barruan kokatzen da Lanean azoka, eta haren helburua da Espainiaren eta Frantziaren arteko muga-eremuaren integrazio ekonomiko eta soziala sendotzea.