Pirinioetako Lan Elkarteak (PLE) Otsagabian egin du bere Batzorde Betearazlearen bilera, gaur egun Nafarroako Gobernuak duen txandakako lehendakaritzaren esparruan. Topaketan PLEko kide diren zazpi lurraldeetako —Akitania Berria, Okzitania, Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa, Aragoi, Katalunia eta Andorra— ordezkari politiko eta teknikoak elkartu dira, mugaz haraindiko lankidetza-proiektu nagusietan aurrera egiteko eta, bereziki, etorkizuneko Pirinioetako Mugaz Haraindiko Lankidetzarako 2028-2034 Estrategiaren sorreran. Ana Ollo lehendakariorde eta Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak Foru Gobernuak mugaz haraindiko lankidetzaren alde duen konpromiso estrategikoa berretsi du jardunaldiaren hasieran.
Batzorde Betearazleak –Sergio Pérez Kanpo Ekintzako zuzendari nagusiak eta Iñaki Martinez de Virgala Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuko zuzendariak ere parte hartu dute Nafarroako ordezkari gisa– Pirinioetako espazioaren etorkizunari buruzko eztabaida politiko eta estrategikoari eskaini dio bere lanaren zati nagusia; 2024ko ekainean Colliuren egindako mintegiaren ondotik hasitako prozesuarekin jarraitu du, non lurraldearen erronka komun handiak eta PLEren gobernantza, ikusgarritasuna eta kide izatearen sentimendua indartzeko beharra identifikatu ziren.
Jardunaldian, etorkizuneko Pirinioetako Estrategiari begira, “Mugaz haraindiko lankidetzaren erronkak babes zibilaren eta larrialdien arloan” atalari heldu zaio, lurraldeek 2028-2034 aldiko lehentasun estrategikoak elkarrekin definitzeko adostutako egutegiaren barruan.
Etorkizuneko estrategia Pirinioetako mendigunerako funtsezkoak diren erronken inguruan egituratuko da: esaterako, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, erronka demografikoa, logistika eta azpiegiturak, osasun lankidetza, gazteria, kultur ondarea edo larrialdien kudeaketa.
Batzorde Betearazleak 2028-2034 Europako etorkizuneko finantza esparruarekin eta PLEren posizionamenduarekin lotutako gaiak landu ditu, baita PLEk berak kudeaketa-agintaritza gisa kudeatzen duen POCTEFA europar programaren jarraipena ere. Agendan, halaber, bisita egin da Otsagabiko Naturaren Interpretazio Zentroan, POCTEFA 2007-2013 programaren esparruan garatutako ECOGYP proiektua ezagutzeko, Pirinioetako mugaz haraindiko lankidetzaren adibidea da eta. “Koleto etxea” ere bisitatu da: inguruko etxe tipikoa da eta “museo etnografikoa” ere bada. Bisita hori inguruko toki entitateetako ordezkariekin izandako topaketaren ondotik egin da; zehazki, Carlos Gayarre Otsagabiko alkatearekin eta Gustavo Goiena Zaraitzuko Batzordeko lehendakariarekin.
Batzorde Betearazleak bilera Nafarroan egiteak, berak duela PLEren lehendakaritza, Pirinioetako lankidetza bultzatzeko bere konpromisoa islatzen du, baita Pirinioek berrikuntzarako, lurralde kohesiorako eta Europako lankidetzarako espazio gisa duten garrantzi estrategikoa ere.
Apirilaren 30ean, Programazio Komiteak ere bilera egin zuen Iruñean, eta Interrreg POCTEFA programaren azken deialdian (2021-2027) 17 proiektu finantzatzea ebatzi zuen. Horietatik 10ek Nafarroaren parte-hartzea edo lidergoa dute. Joan den astean, maiatzaren 5ean zehazki, Nafarroak “Poctefa komunitate tematikoak” jardunaldia ere antolatu zuen, osasun larrialdien eta segurtasun zibilaren arloko mugaz haraindiko lankidetzari buruzkoa.
Pirinioetako Lan Elkartea
Pirinioetako Lan Elkartea (PLE) nazioarteko partzuergoa da, Pirinioetako mendigunea garatzen laguntzeko helburu nagusia duena, haren erronkak kontuan hartuta, haren aberastasunak zainduz eta lurraldeen arteko lankidetza eta, bereziki, bere lurraldeetako biztanleen bizitza hobetzeko mugaz haraindiko lankidetza sustatuz. PLEko kideak Pirinioetako lurraldeak dira: Akitania Berria, Okzitania, Katalunia, Aragoi, Nafarroa, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Andorrako Printzerria.
PLE 1983an sortu zen, Europako Kontseiluak lagunduta. Europako Kontseiluak Pirinioetako eremua mugaz haraindiko lankidetza-egitura batez hornitu nahi du, Europako beste muga batzuetan daudenen antzera. 2005ean, PLE partzuergo bihurtu zen, Espainiako zuzenbide publikoari lotutako erakunde juridiko, eta beste bultzada bat eman zion esku-hartzeari dagokionez, batez ere funtsen kudeaketaren eta Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027), POCTEFA 2014-2020 eta POCTEFA 2007-2013 programen esparruan.