Europako Batzordeak 5.850 milioi euro ordaindu dizkie guztira Alemaniari eta Eslovakiari, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEM) esparruan —NextGenerationEU planaren atal nagusia—; horrenbestez, EB osoan ordaindutako SEMen funts guztiak 400.000 milioi euro baino gehiagora iritsi dira. Zifra historiko horrek agerian utzi du Mekanismoak funtsezko balioa duela erreforma eta inbertsio eraldatzaileak bultzatzeko, Europaren independentzia energetikoa, trantsizio ekologiko eta digitalak, eta Batasunaren epe luzerako erresilientzia eta lehiakortasuna bizkortuko dutenak, hain zuzen.
NextGenerationEU plana azken fasean sartzear den honetan, gero eta nabariagoa da horren eragina; izan ere, EBk energia krisiari aurre egiteko duen gaitasuna indartzeaz batera, etorkizun jasangarri, berritzaile eta integratzaile baten oinarriak ezartzen ditu.
Horren harira, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek honako hau adierazi du: «NextGenerationEU planarekin lotuta egindako ordainketetan 400.000 milioi eurora iristea mugarri bat baino gehiago da: krisia aukera bihurtzeko Europak duen erabakimenaren froga argia da. Guztiontzat Europar Batasun ekologikoagoa, lehiakorragoa eta justuagoa eraikitzen ari gara. Programa historiko horren azken fasean sartzear garen honetan, gure ikuspegiak argia izaten jarraitzen du: erresilientzia, munduko trantsizio ekologikoaren lidergoa, eta hurrengo belaunaldientzako Europaren oparotasuna bermatuko duten emaitzak lortzea».
Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa funtsezkoa izan da COVID-19aren pandemiaren eragin ekonomiko eta soziala arintzeko, eta, aldi berean, epe luzera arrakasta izateko posizioan jarri du EB. Dirulaguntzetan eta maileguetan 577.000 milioi eurora arte erabiltzen ahal direla jakinik, SEMak estatu kideen ahaleginak bultzatzen ditu, xede hauek lortzeari begira:
- Erresilientzia ekonomikoa indartzea eta hazkunde jasangarria sustatzea.
- Trantsizio ekologikoak eta digitalak bizkortzea, EBk 2050erako finkatu duen klima neutraltasunaren helburuarekin bat etorriz.
- Lehiakortasuna hobetzea berrikuntzaren, enplegua sortzearen eta egiturazko erreformen bidez.
SEMen baitan egiten diren ordainketak emaitzetan oinarritzen dira; horrenbestez, funtsak adostutako erreformak eta inbertsioak behar bezala aplikatu ondoren soilik ordainduko direla bermatzen da. SEMak 2026aren hondarrean burutzea aurreikusita dagoenez, estatu kideek beranduenez 2026ko abuztuan osatu behar dituzte gainerako helburu guztiak, eta ordainketak egiteko azken eskaerak beranduenez 2026ko irailean aurkezten ahalko dituzte.