Partaidetza edo lidergo nafarra duten hamar proiektuk guztira 1.325.662 euro jasoko dituzte Europako funtsetatik, Pirinioetako Lan Elkartearen (PLE) behin-behineko ebazpenean jasotzen denez. Nafarroak, Euskal Autonomia Erkidegoak, Aragoik, Kataluniak, Akitania Berriak, Okzitaniak eta Andorrak osatzen dute Pirinioetako Lan Elkartea, eta 2021-2027 programazio aldiari dagokion Europako POCTEFA programaren azken deialdia ebatzi ondoren, 17 proiektu hautatu dira.
‘Objetivo Interreg‘ izeneko deialdia agintari publikoen gaitasun instituzionala hobetzera eta administrazio eraginkorragoa sustatzera bideratuta dago, eta helburu hauek ditu: lankidetza egiturak sendotzea, mugaz gaindiko lurraldearen ezagutza hobetzea, mugako egitatetik eratorritako oztopo juridiko eta administratiboak ezabatzea, eta zerbitzu publiko komunen prestazioa optimizatzea.
Hala, Nafarroako parte-hartzea duten hamar proiektuak (DATAPASS, EIP, GEODATAPYR, OTESS, OISE, LURROLA, SEMILLARPV, GET KINTOAN BARNA, Euro EGTC eta PHYLOFLORA-PYR) programa honen aurreko fase eta deialdietan hautatu ziren beste batzuei batu zaizkie.
Aipatu proiektuak joan den astean onartu ziren Iruñean egindako Programazio Batzordean, eta une hauetan ari zaizkie erakunde onuradunei jakinarazten. Proiektuek ekintza hauek bultzatuko dituzte, besteak beste: Pirinioetako datu fluxuen behatoki bat sortzea, lurralde antolamenduko politiketarako eta datu estatistikoetarako; gizarte ekonomiaren mugaz gaindiko behatoki bat sortzea; eta Lurralde Lankidetzarako Europako Talde bat sortzea, mugaren bi aldeetako udalerriak Kintoaren inguruan bilduko dituena. Horrez gain, datu irekien lehen geoatariaren garapena bultzatuko da, Pirinioetako biztanleriari, demografiari eta enpleguari buruzko informazioa emanen duena, bai eta mugaz gaindiko behatoki bat, euroeskualdeko lurraldeen esparruan enpresa-erabakiak hartzeko, eta Pirinioetako florari buruzko datuen bilketa eta harmonizazioa ere.
Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak Nafarroaren parte-hartzea duten proiektuek izandako arrakasta aitortu du. “Foru Komunitateak mugaz gaindiko lankidetzaren alde, oro har, eta PLEren alde, bereziki, duen konpromiso estrategikoa berresteaz gain”, “emaitzek Nafarroako ekosistemaren dinamismoa berresten” dutela nabarmendu du, “bai aurkezteko deialdiak direnean, bai lankidetzak eta sinergiak bilatzeko deialdiak direnean”.
Eta hori bi gertaeratan ondorioztatzen ahal da, Ollo lehendakariordeak adierazi duen bezala: “Alde batetik, garrantzitsua da hautatutako 17 proiektuetatik hamarrek Nafarroako ordezkaritza izatea. Eta bestetik, deigarria da, halaber, Nafarroako parte-hartzearekin ebaluatu diren 13 proiektuetatik, Programazio Batzordeak hamar finantzatzea erabaki izana. Hau da, aurkeztutako Nafarroako proiektuen % 77 finantzatuko dira, eta 1.325.662 milioi euro jasoko dituzte Europako POCTEFA programatik. Eta hori guztia landutako gaien eta inplikatutako eragileen aukera zabalarekin, oso interesgarria eta askotarikoa baita bai lurraldeari dagokionez, bai arlo sozial eta instituzionalari dagokienez”.
Hautatutako proiektuak
- DATAPASS
Pirinioetako mugaz gaindiko lurraldearen ezagutza bultzatu nahi duen proiektua da, lurraldeko datuak integratuz, harmonizatuz eta espezializatuz; horrela, hobeki ulertuko dira erronka komunak, eta ikuspegi partekatu bat sortuko da, politika publiko eraginkorragoak diseinatzea ahalbidetzeko. NASUVINSA da taldeburua, eta Nafarroak Akitania Berria – Euskal Autonomia Erkidegoa – Nafarroa euroeskualdearen bidez parte hartzen du. Nafarroako bazkideek 225.106 €-ko laguntza jasoko dute. - EIP
NUP buru duen proiektua da. Pirinioetako (Euro-Institut Pyrene) mugaz gaindiko lankidetzarako unibertsitate egitura bat sortu nahi da, lurraldearen mugaz gaindiko ezagutzak eta gaitasunak hobetuz, Pirinioez haraindiko lankidetzarako oztopoak murrizteko. Horrela, egungo loturak sendotuko dira, lan esparru komun bat eta gobernantza integratu, zientifiko eta lurraldearen baitakoa eskaintzeko, egungo jarduera-praktikak gainditu eta mugaz gaindiko lankidetzaren koherentzia eta jasangarritasuna indartuko dituena. Nafarroako bazkideentzako laguntza 138.861 €-koa izanen da. - GEODATAPYR
Proiektu honen bidez, datu irekien lehen atari geografikoa garatu nahi da, Espainia-Frantzia-Andorra mugaz gaindiko eremuko biztanleriari, demografiari eta enpleguari buruzko informazioarekin, funtsezko aktibo izan dadin lurraldearen ikuspegi bateratua izateko, administrazio arloko lankidetza hobetzeko, eta interes komuneko eremuetan politika publikoak modu koordinatuan diseinatzeko. Nafarroak PLEren (taldeburua) eta NASTATen bidez parte hartzen du, eta 244.879 € jasoko dituzte bazkide horiek. - OTESS
Gizarte Ekonomiako Enpresen Elkarteak (ANEL) gidatutako proiektua da, NUP bazkide dela, eta gizarte ekonomiaren mugaz gaindiko behatoki bat sortzea du xede. Hau da, helburua da ezagutza partekatua lortzeko eta metodologiak nahiz esperientziak trukatzeko tresna bat garatzea, aurreko proiektuetan —hala nola Gizarte ekonomiaren mugaz gaindiko espazioan (ETESS)— abian jarri diren lurralde erronkei aurre egiteko balio duten estrategiak diseinatzeko. Horrela, informazioa izanen da tokiko politika publikoetarako, lankidetza sustatuko da, eta mugaz gaindiko lurraldearen eraldaketa sustatuko da, Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Euroeskualdeko Estrategiaren bidez. Nafarroako bazkideek 252.493 €-ko laguntza jasoko dute. - OISE
Proiektu honen bidez, mugaz gaindiko behatoki bat sortu nahi da Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Akitania Berrirako. Behatoki horren bidez, enpresa-berrikuntzari eta jasangarritasunari buruzko datu homogeneoak eta analisi komunak sortuko dira, eta, horrela, instituzioen gaitasuna hobetzeaz batera, erabaki koordinatuak hartzen ahalko dira euroeskualdean. Nastat da Nafarroako bazkidea, eta 106.157 €-ko laguntza izanen du. - LURROLA
Proiektu honen bidez, mugaz gaindiko lankidetza dinamika bat finkatu nahi da, demokrazian sakontzeko mekanismo berritzaileak garatu, ezarri eta transferitzeko, partaidetzarako deliberazioan, gobernantza prozesuetan parte hartzea sustatzeko. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua da Nafarroako bazkidea, eta 82.757 €-ko laguntza jasoko du Europatik. - SEMILLA REPV
Orekan Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren mendeko erakunde publikoak hartzen du parte programa honetan, eta programaren helburua da Pirinio Biziak Hezkuntza sarearen (REPV) egituraketa indartzea, sendotzea eta balioan jartzea. Sareak 97 erakunde bazkide ditu gaur egun (Katalunian, Aragoin, Nafarroan, Andorran, Akitania Berrian eta Okzitanian), eta mugaz gaindiko lankidetza ingurumen-hezkuntzaren arloan gauzatzen du. Nafarroaren parte-hartzeak 144.217 €-ko itzulkina izanen du. - GET Kintoan Barna
Eugi eta Zubiri kontzejuekin eta Esteribarko, Aurizko, Erroibarko, Baztango eta Luzaideko udalekin batera, proiektu honen bidez, Lurralde Lankidetzako Europako Taldea (LLET), Europako txikiena, sortu da; finean, POCTEFAren mugaz gaindiko lankidetzari 20 urtean zehar (2007-2013 alditik) eman zaion laguntzaren emaitza da. Erakundeen arteko lankidetza egonkorra bultzatu nahi du, LLET bat sortuz; horren bidez, kudeaketa eta gobernantza partekatuak hobetuko dira, eta mugaz gaindiko egitura iraunkor baten bidez, zerbitzu berritzaileak emanen dituzte, Pirinioetako biztanleen eta tokiko erakundeen mesederako. Alderdi ekonomiko hutsari erreparatuta, 76.220 €-ko laguntza izanen da. - EuroEGTC
Proiektu honen xedea da LLETetako profesionalentzako estatutu-proiektu bat garatzea, arau esparru komun gisa balio dezan EBko mugaz gaindiko eskualdeetan lan baldintza koherenteak eta seguruak bermatzeko, azken helburua izanik mugaz gaindiko langileen balizko estatutu bat izatea. Giza baliabideen arloan Europan erreferentzia espezifikorik ez izateak segurtasun juridikoaren gabezia eragiten du, eta horren ondorioz, zaila da talentua erakartzea eta hari eustea. Beraz, proiektuaren izaera estrategikoa dela-eta, Nafarroak parte hartzea erabaki du, GCT NAEN (Nouvelle Aquitaine) euroeskualdearen bidez. Horregatik, 16.791 € jasoko ditu. - PHYLOFLORA-PYR
Pirinioetako florari buruzko datuak eta informazioa biltzea eta harmonizatzea helburu duen proiektua da, lehen PHYLOFLORA PIRENAICA ezartzeko, landare biodibertsitatearen arloan mugaz gaindiko lankidetza sendotuta. Nafarroak IPE-CSIC (taldeburua) eta IBB-CSIC institutuen bidez parte hartzen du proiektuan, eta 38.178 €-ko laguntza jasoko du.
Klima-aldaketari, babes zibilari eta larrialdiei buruzko topaketa Iruñean
Programazio Batzordea joan den apirilaren 30ean bildu zen hautaketa hori burutzeko, baina ez da izan egunotan Iruñean egin den ekitaldi bakarra, Nafarroak Pirinioetako Lan Elkartearen lehendakaritza duela aintzat hartuta. Izan ere, babes zibila eta larrialdiak nahiz klima aldaketa gaiekin lotuta, POCTEFA proiektuetan parte hartu duten Pirinioetako lurralde guztietako 60 profesional baino gehiago bildu ziren atzo Nafarroako hiriburuan, ekimenen arteko sinergiak sortzeko, emaitzen transferentzia errazteko, baterako proiektuen aukera berriak identifikatzeko, eta Pirinioetako eremuan hausnarketan laguntzeko.
Topaketa horretan, Ollo lehendakariordeak nabarmendu zuen oso garrantzitsua dela herritarren eguneroko bizitzan hain esanguratsuak diren bi gairen inguruan —babes zibila nahiz larrialdiak, eta klima aldaketa— esperientziak trukatzea.
Jardunaldian, Nafarroak parte hartzen duen NATUseRCLIMA, GATURI II, NATURCLIMA, SA-URG, EU DRIVE, RISK RAPID, CORECO eta VITISAD2 proiektuetako ordezkariak izan ziren. Esparru horretan, aipatu proiektuetako arduradunek eta bazkideek zuzenean lan egin dute egungo programazio aldirako helburu zehatzak finkatzen. Proiektu horiek eta 50 eragile mobilizatzea urrats erabakigarria izan da Espainiaren, Frantziaren eta Andorraren arteko mugaren garapen jasangarrirako. “Gai beraren inguruan lanean ari diren komunitateen topaketa hau funtsezkoa da ezagutza geldirik gera ez dadin”, adierazi zuen Cristina Igoak, POCTEFA Idazkaritza Bateratuko komunikazio arduradunak. “Entitateei laguntzen diegu, haien emaitzak berriro erabil daitezen eta POCTEFA lurraldean eragin jasangarria izan dezaten”. Proiektuen jarraipenari eta programaren hurrengo etapei buruzko informazio guztia webgune ofizialean dago eskuragarri: www.poctefa.eu.