‘40 urte Europaren Eguna elkarrekin ospatzen’ leloarekin, kirolaren munduak, bigarren urtez jarraian, bat egin du Europaren Egunarekin (maiatzak 9)

Europako Parlamentuaren Espainiako Bulegoak, Europako Batzordearen Espainiako Ordezkaritzak eta Kirol Kontseilu Gorenak indarrak batu dituzte kirolaren bidez Europako balioak zabaltzeko. Europaren Astean (maiatzak 4tik 10era), herrialde osoko dozenaka lehiaketatan, kirolak Europarekin duen lotura eta horien balioen defentsa nabarmenduko dituzte. Testuinguru horretan, hainbat kiroletako Espainiako federazioek babesa agertuko diete Europar Batasuneko ikurrei, hala nola banderari eta ereserkiari.

Aurten, gainera, oroitzapen ospakizunak esanahi berezia izanen du, 1986ko urtarrilaren 1ean Espainia Europar Batasunean sartu zeneko 40. urteurrenarekin bat eginen baitu. Data hori, hain zuzen, Espainian dauden Europako erakundeek bultzatutako ‘Desde 1986’ kanpainarekin gogoratu da. LALIGAk eta Emakumezkoen Espainiako Vueltak ere bat egiten dute ekimen horrekin, gogorarazten baitu demokraziak, giza eskubideek eta errespetuak Europa eta kirola batzen dituztela.

LALIGA EA SPORTS (lehen maila) eta LALIGA HYPERMOTION (bigarren maila) taldeetako kapitainek Europar Batasuneko bandera daramaten besokoak jantziko dituzte 35. eta 39. jardunaldiko partidetan, hurrenez hurren. Lehen eta bigarren mailako 21 partidak ematean ere, estatuko eta nazioarteko telebista seinalean, Europako bandera jarriko da markagailuaren ondoan. Horrez gain, Espainia EBn sartu zen egunaren 40. urteurrena gogoratzeko iragarkia zabalduko da. Iragarkia Espainian dauden Europako erakundeek ekoitzi dute, RTVErekin lankidetzan, eta LALIGA TV HYPERMOTION eta LALIGA TV BAR kanalen bidez emanen dute.

Emakumezkoen Espainiako Vueltak ere parte hartuko du ospakizunetan, eta Europako Eguna ospatzeko maillot berezia emanen zaio txapelketan zehar Europar Batasuneko balioak hobekien ordezkatzen dituen txirrindulariari. Maillota azken aurreko etaparen irteeran emanen da, Gijonen, eta Susana Solis (PPE) eta Jonás Fernandez (S&D) eurodiputatuek parte hartuko dute saria emateko ekitaldian.

#SportWithEurope

Kirola Europarekin Europako Parlamentuaren Espainiako Bulegoak eta Europako Batzordearen Espainiako Ordezkaritzak sustatutako ekimena da, kirolaren mundua eta Europar Batasuna batzeko, maiatzaren 9ko Europaren Egunaren ospakizunen baitan. Horrela, bigarren urtez jarraian, kirolak Europarekin duen lotura eta haren balioen defentsa nabarmendu nahi dira.