Kontseiluak Europako Bauhaus Berriari buruzko gomendio bat onetsi du, non EBko herrialdeei eskatu baitie bertan jasotako balioak txerta ditzatela politika eta finantzaketa nazionaletan, eraikitako ingurune eskuragarri, parte-hartzaile eta pertsonengan oinarritua lortzeko EB osoan.

2021ean abian jarritako Europako Bauhaus Berriaren helburua da trantsizio garbia egitea eta Industria Garbiaren aldeko Ituna aplikatzea, jasangarritasuna, eskuragarritasuna eta kalitate handiko diseinua konbinatuz eguneroko bizitza hobetuko duten proiektu ukigarrien bidez.

Kontseiluaren gomendioak funtsezko zortzi jarduera ildo ezarri ditu:

  • jasangarritasunaren, inklusibotasunaren eta estetikaren printzipioak dagozkion politika eta finantzaketa programa guztietan txertatzea;
  • eraikitako ingurune zirkular eta jasangarria garatzea, lehentasuna emanez berritzeari, eraistearen aurretik, baita material jasangarrien erabilerari ere, ingurumen inpaktua ahalik eta gehien murrizteko;
  • herritarrek beren auzoen eraldaketan parte hartzea aktiboki bilatzea, baita diseinu inklusibo baterako tresna digitalak erabiliz ere;
  • arteen, kulturaren eta hezkuntzaren boterea aprobetxatzea, artisten komunitatearen funtsezko zeregina aitortuz eta babestuz, berrikuntza eta trantsizio garbia bultzatzeko;
  • EB barruan eta kanpoan hezkuntza eta prestakuntza programak indartzea, langileei eraikuntza eta berrikuntza jasangarrirako beharrezkoak diren gaitasunak emateko;
  • Europako Bauhaus Berria eta haren onurak ezagutaraztea, adibidez, dagokion etiketa babestuz (Batzordeak garatuko duena) eta Europako Bauhaus Berriko komunitateari laguntza emanez (tokiko eta nazioarteko ia 2.000 erakundek osatzen dute komunitate hori);
  • finantzaketarako sarbidea hobetzea, Europako Bauhaus Berriaren mekanismoaren bidez (Horizon Europeren esparruan), eta proiektuentzako inbertsio pribatua erakartzea;
  • sektoreen arteko eta maila anitzeko koordinazioa eta nazioarteko lankidetza bermatzea, Ukraina berreraikitzen laguntzea barne.

Europako Bauhaus Berriari buruzko komunikazioak, 2025eko abenduan onetsitakoak, eraikin, auzo eta espazio publikoen diseinuaren eta eraldaketaren ikuspegi integratua sustatzen du. Berrikuntza, sektoreen arteko lankidetza eta herritarren parte-hartzea bultzatzen ditu. Dagoeneko 700 proiektuk baino gehiagok jaso dute laguntza, eta 1.400 milioi euro bideratu dira Europako Bauhaus Berrira, 2021-2027 urte anitzeko finantza esparruaren kontura.

Kontseiluak onetsitako gomendioa Europako Bauhaus Berriari emandako laguntzan oinarritzen da. Juridikoki loteslea ez den arren, erregelamendu edo zuzentarau bat izanen litzatekeen bezala, estatu kideak animatzen ditu beren politika nazionalak gomendioaren helburuetara egokitzera.

Informazio gehiago