Europako Batzordeak asmo handiko plan sozial bat aurkeztu du, EB osoan pobrezia desagerrarazten laguntzeko eta desgaitasuna duten pertsonen eskubideak sustatzeko. Neurri-sorta horren barruan, hauek sartzen dira: pobreziaren aurka borrokatzeko EBren lehen estrategia —gaurtik 2050era bitartean, EBn pobreziari azkena ematen laguntzeko Batzordearen plana—, etxebizitzaren arloan bazterketaren aurkako borrokari buruzko Kontseiluaren Gomendio-proposamen bat, eta bi komunikazio, bata haurren pobreziaren zikloarekin hausteko —Europako Haur Bermea indartuz— eta bestea, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Estrategia indartzeko 2030era arte.
Europako biztanleen % 52k adierazi dutenez, bizitzaren kostua da beren kezka nagusia; hori dela eta, EBk premiazko hiru erronkari egin behar die aurre: etxebizitzaren krisiari (herritarren % 40k uste dute etxebizitza eskuragarrien gabezia berehalako eta premiazko arazoa dela, eta milioi bat pertsona daude etxerik gabe); hain bilakaera bizkorra duen lan merkatuan parte hartzea eragozten duten oztopoei; eta pobreziari (Europako bost pertsonatik bati eta lau haurretik bati eragiten dio).
Gainera, zaurgarritasun sozioekonomikoko egoeran dauden pertsona askok diskriminazioa eta estigmatizazioa jasateko arriskua dute. Beraz, gehiago egin behar da haien eskubideak babesten direla bermatzeko. Eskubide horien artean sartzen dira desgaitasuna duten pertsonen eskubideak ere, bizitzaren alderdi guztietan beren osotasunean errespetatu behar baitira.
Horren harira, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek honako hau adierazi berri du: «Pobrezia eta bazterketa gainditzen ahal ditugun eta gainditu behar ditugun erronkak dira. Horregatik, gaur, pobrezia prebenitzeko eta murrizteko estrategia bat aurkezten dugu. Neurri erabakigarriak hartzen ari gara, Haur Bermea indartuta, etxegabetasunaren prebentzio hobearekin, eta desgaitasuna duten pertsonen erabateko inklusioarekin. Duintasuna, aukerak eta berdintasuna: funtsezko balioak dira eraikitzen ari garen Europan».
Pobreziaren aurka borrokatzeko neurri-multzoari buruzko informazio gehiago izateko, bitarteko hauek kontsultatzen ahal dituzu: prentsa-oharra, galdera-erantzunen dokumentua, eta informazio-fitxa. Bestalde, desgaitasuna duten pertsonen eskubideak EB osoan sustatzeari buruzko informazio gehiago duzu horri dagokion galdera-erantzunen dokumentuan eta informazio-fitxan.