Europako Batzordeak zenbait gomendio argitaratu ditu egoera zaurgarrian dauden etxeei laguntzeko energia horniduraren eteteetatik babesten, energia horniduraren kontratuak hobeki kudeatzen, eta energia garbietarako trantsizioan aktiboki parte hartzen, autoekoizpenaren eta energiaren erabilera partekatuaren bidez.

Hala, gomendioek bete egin dituzte herritarren pakete energetikoari eta AccelerateEU planari buruzko Komunikazioetan iragarritako ekimenak, Batzordeak energia fosilaren egungo krisiari aurre egiteko berriki onarturikoak.

Energia sistema inklusiboagoa, erresilienteagoa eta jasangarriagoa sortzea funtsezkoa da Europak energia independentzia lortzeko bidean aurrera egin dezan. Egindako gomendioen funtsa da Europako kontsumitzaileak gaitzea informazioan oinarritutako erabakiak hartu ahal izan ditzaten energia hornidurari, hornidura eteteen prebentzioari eta hornitzaileen porroten ondorioei dagokienez. Horrez gain, estatu kideei lagundu nahi diete energia komunitateen eta autokontsumorako eta energiaren erabilera partekaturako modalitateen garapen azkarra bultzatu dezaten, energia garbiago bateranzko trantsizioan lagundu baitezakete, eta, aldi berean, prezioak murriztu.

Dan Jørgensen Energia eta Etxebizitzako komisarioak honako hau adierazi zuen: «Ekialde Hurbileko gatazkak eta horrek energiaren prezioetan izan duen eraginak agerian utzi dute energiaren munduko merkatuen aldakortasuna, bai eta Europak bere energia erresilientzia indartzeko duen premia ere. Energia sistema jasangarriagoa, seguruagoa eta kontsumitzaileengan zentratuagoa lortzeko trantsizioa bizkortzeko unea da. Energiaren kostuak benetako kezka dira EBko herritarrentzat, eta neurri-sorta honen bidez, anbizio politikoa onura konkretu bihurtzen da Europa osoko etxeetarako, komunitateetarako eta enpresa txikietarako. Egoera zaurgarrian dauden etxeak babestu behar ditugu hornidura eteterik izan ez dezaten, eta kontsumitzaile guztiei lagundu behar diegu beren energia hornidurako kontratuak hobeki kudeatzen, trantsizioan aktiboki parte hartzeaz batera».

Batzordeak eskuz esku lan eginen du estatu kideekin eta alderdi interesdunekin, gomendioak eraginkortasunez aplikatzen direla bermatzeko, eta, horretarako, laguntza teknikoa eman eta egindako aurrerapenak gainbegiratuko ditu.

Informazio gehiago online.