Nafarroako Gobernuak “Baimenen eraldaketa: digitalizazioaren eta AAren erabilera baimen prozesuetan” jardunaldia egin du gaur, Hirugarrena eraikinean. Topaketa zenbait erakunderekin lankidetzan antolatu da, Europako Batzordearekin —Barne Merkatuaren, Industriaren, Ekintzailetzaren eta ETEen Zuzendaritza Nagusiaren (DG GROW) bidez—, Europako Berrikuntza Kontseiluaren eta ETEen Agentzia Exekutiboarekin (EISMEA), eta Industria, Trantsizio Ekologiko eta Enpresa Digitalerako Departamentuarekin, zehazki, eta Europako eta foru administrazioko ordezkariak bildu dira bertan.

Saioan, soluzio digitalek eta, bereziki, adimen artifizialak Europa osoan baimen industrialen tramitazioa sinplifikatzen eta arintzen nola laguntzen ahal duten aztertu da, karga administratiboak murriztuz eta epeak laburtuz, hain zuzen.

Nafarroan, Industria, Trantsizio Ekologiko eta Enpresa Digitalerako Departamentuak gidatuko du sustapen hori, funtsezkoa dena Foru Administrazioaren barruan prozesu estrategikoak bizkortzeko. Helburua da industriako baimen prozedurak modu eraginkorrean eraldatzeko bidean aurrera egitea, faktore erabakigarria baita inbertsio berriak erakartzeko eta egungo industria sarearen hazkundea sendotzeko.

Ildo horretan, Mikel Irujo Amezaga kontseilariak prozesu horiek hobetzeko eta bizkortzeko beharra nabarmendu du; izan ere, “digitalizazioa funtsezko palanka da industrien lehiakortasunerako, eta are gehiago administrazio kudeaketaren lurralde lehiakortasunerako”.

Jardunaldian, Istvan Nemeth DG GROWeko politiken arduraduna izan da, eta industriako baimen prozeduretan administrazio-egintza arintzeko esparru komunitarioa aurkeztu du, baita “Net-Zero AI4Permitting (PPPA-2026-NETZERO)” deialdia ere. Ekimen horren bidez, adimen artifizialean oinarrituta administrazio epeak murrizteko eta industriako ezarpena errazteko soluzio digitalak garatzen dituzten proiektu pilotuak finantzatuko dira, teknologia garbiekin loturiko sektoreetan batez ere.

Cristina Pruñonosa Kataluniako Generalitateko Enpresa Kudeaketako Bulegoko gerenteak ere parte hartu du bilkuran, eta industriako izapidetze prozesuen eraldaketarekin lotuta Katalunian izan duten esperientzia partekatu du.

Era berean, digitalizazioarekin zein industriako baimenekin lotura duten Foru Administrazioaren ordezkari ugari bildu dira jardunaldian, eta agerian utzi dute barne koordinazioa indartzeko beharra, lan fluxuak optimizatzeko eta teknologia berrien potentziala bere osotasunean aprobetxatzeko.

Enpresa ikuspegia

Enpresa ikuspegia Nafarroako Industriaren Elkarteak ordezkatu du, eta, hain zuzen, komunikazio kanalak eta espedienteen jarraipena hobetzearen garrantzia nabarmendu du, akatsak murrizteko, epeak laburtzeko eta proiektuen ezarpena errazteko.

Hobekuntza horiei esker, gainera, behar bezala erantzuten ahalko zaie Europako araudi berriaren eskakizunei, hala nola Net-Zero Industry Act-en aurreikusitako baimen sinplifikatuak ematea; hala adierazi du Marcos Escuderok, Industria eta Turismo Ministerioko ekimen horren arduradunak.

Zehazki, administrazio prozesuak eraldatuz, bizkortu eginen da industria proiektuen ezarpena eta garapena, Nafarroan energia garbiak ekoizteko teknologietarako ekipoen eta osagaien fabrikazioari lotuta.

Ildo horretan, joan den apirilaren 21ean, Irujo kontseilariak “Navarra Net Zero Tech Valley ekimenaren gidaritzat” aurkeztu zuen Foru Komunitatea Hannoverren, eta Nafarroako industria-oinarri sendoa, teknologia garbien arloko balio-kate osoa, eta enpresak, teknologia zentroak, prestakuntza, talentua eta laguntza instituzionala lotzen dituen ekosistema integratua nabarmendu zituen.
Gaurko jardunaldiari Sergio Pérez Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusiak eman dio azkena, maiatzaren 9an Europaren Eguna dela-eta Nafarroan eginen den Europaren Asteko jardueren testuinguruan.

Zer da Navarra Net Zero Tech Valley ekimena?

Navarra Net Zero Tech Valley ekimena ekosistema estrategiko bat da, Foru Komunitatean teknologia garbien industria garapena bizkortzeko diseinatua. Ekimenaren helburua da hainbat arlotan —hala nola haize eta eguzki energia, baterien bidezko biltegiratzea, hidrogeno berdea eta sare elektriko adimendunak— proiektuen ezarpena eta hazkundea erraztea, Nafarroako industria-oinarria indartzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko.

Zer ekarpen eginen dio Nafarroari?

Ekimen horri esker, hainbat onura izanen dira, hauek, besteak beste: leihatila bakar baten bitartez administrazio izapideak sinplifikatu eta arintzea, Nafarroan zerga eta finantza pizgarri propioak aktibatzea, eta funtsezko azpiegituretarako sarbidea erraztea, teknologia garbiak probatzeko, ekoizteko eta eskalatzeko. Eta horrek guztiak lagundu eginen du inbertsioa erakartzen, egungo ekoizpen jarduera indartzen, eta lurralde osoan aukera ekonomiko eta sozial berriak sortzen.