Europako Batzordeak 10.000 milioi eurotan handitu du 2026ko urtarriletik ekainera bitartean EBren bonuetarako zuen finantzaketa helburua; hala, 100.000 milioi euro izanen dira 2026ko lehen seihilekorako, eta ez 90.000 milioi euro joan den abenduan iragarri bezala. Igoera hori, zehazki, 2026-2027 aldian Ukrainari laguntza mailegu berria emateko egin behar diren lege prozedurak onartu ondoren gauzatu da. Horrez gain, Batzordeak 20.000 milioi eurotan handitu du EBk 2026rako ezarrita zuen bonuen urteko jaulkipenen bolumen adierazgarria, 180.000 milioi euroraino, zehazki.

Bildutako funtsak NextGenerationEU programaren esparruan EBko estatu kideei maileguak emateko erabiliko dira, bai eta defentsarekin lotutako baliabideak eskuratzen laguntzeko ere, Europarako Segurtasun Ekintzarako (SAFE) tresnaren esparruan. Beste programa politiko batzuk ere EBren funtsekin finantzatuko dira, hala nola Ukrainarako Mekanismoa, Mendebaldeko Balkanen Erreforma eta Hazkunderako Mekanismoa eta inguruko herrialdeen finantza makroekonomikorako laguntza maileguak.

Ezarritako merkatu jarduerekin bat etorriz, eta finantzaketa bateratuaren ikuspegiari jarraikiz, Batzordeak aldian behin argitaratzen ditu zorpetzeari buruzko urteko erabakia eta sei hilean behingo finantzaketa planak. Zorpetzeari buruzko urteko erabakia eta finantzaketa plana funtsezkoak dira finantza kudeaketa sendoa, kontu-ematea eta EBren zorra kudeatzeko eragiketen aplikazioaren gardentasuna bermatzeko.

Batzordeak urte jakin batean eskatzen ahal duen gehieneko zenbatekoa zehazten du zorpetzeari buruzko urteko erabakiak. Sei hilean behingo finantzaketa planak, bestalde, Batzordearen emisioen egutegi adierazgarria xehatzen du, eta hurrengo sei hilabeteetarako aurreikusitako guztizko emisio bolumenak zehazten ditu.

Finantzaketa plana eguneratuta dago mailegu eta kredituei buruzko webgunean.