Europako Batzordeak hidrogenoa ekoizteko bederatzi proiektu aukeratu ditu Hidrogenoaren Europako Bankuaren hirugarren enkantearen esparruan. Europako Esparru Ekonomikoko zazpi herrialdetan, proiektuek elektrolizagailuen ia 1,1 gigawatteko ahalmena ematea espero da, eta 1,3 milioi tona hidrogeno baino gehiago ekoiztea funtzionamenduaren lehen hamar urteetan. Horrela, aurreikuspenen arabera, berotegi-efektuko gasen emisioak 9 milioi tona CO2 baliokide murriztuko dira.
Hautatutako proiektuek gutxi gorabehera 1.090 milioi euroko EBren finantzaketa jasoko dute guztira Berrikuntzaren Funtsaren kontura, EBren emisio eskubideen merkataritza araubidetik (EU-ETS). Sortutako hidrogenoak energia asko kontsumitzen duten sektoreetako emisioak murrizten lagunduko du, hala nola garraioko eta industria kimikoko emisioak. Proiektu horien bidez, Europaren industria lidergoa, epe luzerako duen lehiakortasuna eta enplegua indartzea espero da, eta trantsizio garbirako, independentzia energetikorako eta EBren segurtasunerako lagungarriak izatea.
Wopke Hoekstra Klima, Zero Emisio Garbi eta Hazkunde Garbiko komisarioak hau adierazi berri du: «Hidrogenoaren arloko berrikuntzan 1.000 milioi euro baino gehiago inbertituta, EBk Europako industria lehiakortasuna indartzera bideratzen ditu berriro EBren emisio eskubideen merkataritza araubidetik jasotako diru-sarrerak. Inbertsio horiei esker, trantsizio garbia bizkortzen ari da, eta Europaren independentzia eta segurtasun energetikoa indartzen. Pozgarria da, halaber, estatu kideek tresna hori erabiltzea proiektu gehiagotan inbertitzeko».
Horrez gain, Espainiak eta Alemaniak «enkanteak zerbitzu gisa» sistemaren bidez ere parte hartzen dute; horrenbestez, beste 1.700 milioi euro gehitzen dituzte funts nazionaletan. Horri esker, estatu kideek baliabide nazionalak erabiltzen ahal dituzte enkantean parte hartzea eskatu duten beren lurraldeetako proiektuei laguntzeko.
Klima, Azpiegitura eta Ingurumeneko Europako Agentzia Exekutiboa (CINEA) hasiko da hautatutako proiektuen dirulaguntzetarako hitzarmenak formalki prestatzen. Fase horretan berretsiko dira finantza laguntzaren azken baldintzak, hidrogeno kilogramo bakoitzeko emanen den prima finkoa eta exekuzio egutegia barne. Hitzarmenak 2026ko azken hiruhilekoan sinatzea espero da.
Online kontsultatzen ahal da Hidrogenoaren Europako Bankuaren hirugarren enkantearen emaitzei buruzko prentsa-ohar osoa.