Europaren Eguna baino lehen argitaratu da Eurobarometroa, eta inkesta berriak erakusten du Europako herritarren ia hiru laurdenek uste dutela EBko kide izatea onuragarria izan dela beren herrialdeentzat. Testuinguru global konplexu batean, Europako herritarrek gero eta gehiago ikusten dute EB egonkortasun iturri gisa, eta defentsa eta segurtasun politika bateratuak aurrekaririk gabeko babesa du. Inkestatuen hiru laurdenek ( % 75) diote EBko herritar sentitzen direla; 2025eko udaberrian lortutako maila bera da, inoiz izandako altuena.

Europako herritarrek irmoki uste dute EB faktore egonkortzailea dela zalantzaz betetako mundu batean ( % 73, portzentajezko 6 puntu gehiago). % 81ekin (portzentajezko 2 puntu gehiago), estatu kideen arteko defentsa eta segurtasun politika bateratuari emandako babesa azken bi hamarkadetako mailarik gorenera iritsi da berriro ere. Hamar europarretik zortzik uste dute EBk merkataritza harremanak dibertsifikatu beharko lituzkeela ( % 80) eta aliantzak egin beharko lituzkeela EBtik kanpoko herrialdeekin ( % 79).

Inkestak erakusten du inkestatuen % 76k diotela Errusiak Ukraina inbaditu izana mehatxua dela EBren segurtasunerako. EBk inbasioari emandako erantzunarekiko babesak tinko jarraitzen du % 55ean (portzentajezko 2 puntu gehiago). Europako herritarren gehiengo zabal batek funtsezko neurriak babesten ditu, hala nola gerratik ihes egiten duten pertsonak hartzea ( % 80), laguntza finantzarioa eta humanitarioa ematea ( % 75) eta Errusiaren aurkako zigorrei eustea ( % 70). Oro har, % 76k diote EBk Ukrainari laguntzen jarraitu behar duela, bake justu eta iraunkorra lortu arte. Gainera, % 57 ados dago EBk Ukrainari hautagai estatusa ematearekin, eta % 56, EBk Ukrainarentzako ekipo militarra erostea eta hornitzea finantzatzearekin.

Europako herritar gehienek konfiantza dute EBn ( % 51), 2025eko udazkeneko inkestan baino portzentajezko hiru puntu gehiago. Konfiantza gehiago handitu da Frantzian (11 puntu gehiago), Danimarkan (9 puntu gehiago) eta Portugalen (8 puntu gehiago), eta 15 eta 24 urte bitarteko gazteen artean lortu du mailarik altuena ( % 61). Demokrazia eta funtsezko balioak babestea da EBn konfiantza izateko arrazoi nagusia ( % 42), eta, ondotik, kanpoko mehatxuen aurkako babesa ( % 33) eta EBk erronka globalei aurre egiteko maila egokia duela uste izatea ( % 31). EBren etorkizunari buruzko baikortasuna pixka bat handitu da ( % 60, portzentajezko puntu bat gehiago). Baikorrenak 15 eta 24 urte bitarteko gazteak dira ( % 68). EBko hamar herritarretik ia sei ( % 57) pozik daude EBko demokraziaren funtzionamenduarekin. Elkarrizketatuen arabera, EB ongien ordezkatzen duten balioak bakea ( % 41), demokrazia ( % 32) eta zuzenbide estatuarekiko, demokraziarekiko eta oinarrizko eskubideekiko errespetua ( % 28) dira.

Munduko gertaerek gero eta eragin handiagoa dute Europako herritarren kezketan. EBn, Ekialde Ertaineko gatazka da orain kezka nagusia ( % 25), nazioarteko egoera orokorraren ( % 23) eta Errusiak Ukrainaren aurka duen gerraren ( % 20) aurretik. Aldi berean, bizitzaren kostuak kezka nagusia izaten jarraitzen du maila nazionalean eta pertsonalean, % 36 eta % 52rekin, hurrenez hurren.

EBko herritarrek Ameriketako Estatu Batuei buruz duten iritzi negatiboa izugarri handitu da ( % 74, portzentajezko 14 puntu gehiago), iritzi positiboaren oso gainetik (% 24). Halaber, % 61ek Txinari buruzko iritzi negatiboa dute, eta % 33k, iritzi positiboa; % 83k Errusiari buruzko iritzi negatiboa dute, eta % 14k, positiboa. Era berean, % 48k iritzi positiboa dute Indiari buruz, eta % 41ek, negatiboa.

EBn euroari ematen zaion babesa % 74an mantentzen da, 2002ko urtarrilean sartu zenetik mailarik altuenean. Euroaren eremuan, zifra hori are handiagoa da, inkestatuen % 80k baino gehiagok ( % 82) adierazi baitute moneta bateratuaren alde daudela. Bulgarian, eurogunean sartu den azken herrialdean, babesa nabarmen handitu da Eurobarometro Estandarraren aurreko inkestatik (portzentajezko 13 puntu gehiago), eta gehiengoa aldekoa da ( % 55).

Aldi berean, egoera ekonomikoari buruzko pertzepzioa zertxobait ahuldu da: elkarrizketatutako Europako herritarren % 44k uste dute EBko ekonomia egoera onean dagoela. Herritarren gehiengo erlatibo batek ( % 42) uste du Europako egoera ekonomikoak berdin jarraituko duela datozen 12 hilabeteetan; % 36k uste dute okerrera eginen duela, eta % 15ek, hobera eginen duela.

EBko aurrekontuaren inbertsio-lehentasunei dagokienez, EBko bost herritarretik bik baino gehiagok ( % 41) aurrekontua batez ere enplegura, gizarte gaietara eta osasun publikora bideratzea nahi lukete. Segurtasuna eta defentsa bigarren postuan daude EBn ( % 38), eta atzetik datoz hezkuntza, prestakuntza, gazteria, kultura eta komunikabideak, hirugarrenean ( % 37).

Eurobarometro Estandarra 105 (2026ko udaberria) 2026ko martxoaren 12tik apirilaren 5era bitartean egin zen 27 estatu kideetan. Guztira, EBko 26.415 herritar elkarrizketatu ziren. Hautagai eta balizko hautagai diren bederatzi herrialdetan ere egin ziren elkarrizketak (guztietan, Ukrainan izan ezik) eta Erresuma Batuan.