Herrialde osoan eginen diren ekitaldietan, maiatzaren 9ko Schuman Adierazpena gogoratuko dute, Espainiak EBn 40 urte bete dituela bereziki nabarmenduta

Europaren Eguna dela eta (urtero ospatzen baita maiatzaren 9an, Schumanen Adierazpen historikoaren urteurrenean), Espainian diren Europako erakundeek eta askotariko entitateek jende guztiarendako jarduera programa zabala antolatu dute Europaren Astean.

Bigarren urtez, kirolak protagonismo berezia izanen du, “40 urte Europaren Eguna elkarrekin ospatzen” leloarekin. Europako Erakundeek eta Kirol Kontseilu Gorenak indarrak batu dituzte Batasunaren balioak kirol profesionalaren bitartez ikusarazteko. LALIGAk, Emakumezkoen Espainiako Vueltak eta gurpil-aulkiko saskibaloiko Champions Cupeko Final Four-ak ere bat egin dute ekimenarekin, gogorarazten baitu demokraziak, giza eskubideek eta errespetuak Europa eta kirola batzen dituztela.

Aurten, gainera, oroitzapen ospakizunak esanahi berezia izanen du, 1986ko urtarrilaren 1ean Espainia Europar Batasunean sartu zeneko 40. urteurrenarekin bat eginen baitu. Data hori, hain zuzen, Espainian dauden Europako erakundeek sustatu duten ‘Desde 1986’ kanpainarekin gogoratu da.

Era berean, Europako Batzordeak lehiaketa bat abiarazi du Instagramen, eta maiatzaren 3ra arte egonen da abian. Hala, @ComisionEuropea kontuaren jarraitzaileek #DíaDeEuropa ospatzeko sustapen materialaren 25 sortaren zozketan parte hartzen ahalko dute.

Bestalde, ONCEk, Europako Parlamentuarekin elkarlanean, lankidetza-kupoia aterako du maiatzaren 9ko Europaren Eguneko zozketarako, Espainia eta Portugal Europar Batasunera atxiki ziren egunaren 40. urteurrenaren harira.