Imajinatu aukera ideala aurkitzea klik bakar batera izatea, zure ametsetako lana zein zure enpresarako langile kualifikatuak bilatzerakoan. Bada, 2011z geroztik, Enpleguaren Europako Jardunaldiek egia bihurtu dute helburu hori, talentuaren eta lanbide aukeren arteko zubi gisa jokatzen baitu Europa osoan.
Hamabost urte bete ditu enplegua eskatzen duten pertsonak Europa osoko enpresekin elkartzen, eta hori ospatzeko, EURES zerbitzuak «Egin bat Enpleguaren Europako Jardunaldiekin» kanpaina abiarazi du, 2026ko Eguberriak arte iraunen duena. Kanpaina honen bitartez, Enpleguaren Europako Jardunaldiek nola lagundu diezazuketen nabarmenduko da, eta aukera ezin hobea da zerbitzu horrek eskaintzen duen guztiaren berri izateko ere.
Enpleguaren Europako Jardunaldiak kontratazio ekitaldi hutsak baino zerbait gehiago dira: zerbitzu publikoko plataforma bat dira, Europa osoan kontratazio justu bat sustatzen dutena. Langile kualifikatuen eskasia eta hain bilakaera azkarreko lan merkatua ezaugarri diren garai honetan, plataformak irtenbide paregabea eskaintzen du. EURES sareak zuzenduta, eta Europako Lan Agintaritzak (ELA) eta Europako Batzordeak lagunduta, plataforma baten eraginkortasun digitala eta kontseilari profesional espezializatuen giza faktorea uztartzen ditu.
Zenbakiek argi hitz egiten dute. Azken 15 urteetan, 400.000 enplegu-eskatzailek baino gehiagok parte hartu dute Enpleguaren Europako Jardunaldien esparruan antolatutako 364 ekitaldietan, eta ekitaldi horietan, Europa osoko 32 herrialdetako 14.000 enpresarekin jardun dute elkarlanean. Ekitaldi horietako parte-hartzeari esker, 25.000 lan eskaintza argitaratu dira, eta 250.000 lan eskari (kopuru ikaragarria) izan dira. Enpleguaren Europako Jardunaldien plataformak hainbat sektoretako aukerak biltzen ditu, hala nola informazioaren teknologiak, osasun laguntza, turismoa eta eraikuntza sektoreetakoak.
Profesionalekin harremanetan jarri nahi duzu edo zure hurrengo aukera Europan aurkitu nahi duzu? Kontsultatu noiz izanen diren hurrengo Enpleguaren Europako Jardunaldiak. Eta ez ahaztu, erabili #EuropeanJobDays traol-hitza sare sozialetan, azken jardueren berri izateko.