Arauketa berrien ondorioz, Europa erresilienteagoa izanen da ur arloan; aldi berean, zero kutsadurarako eta erresilientzia hidrikorako anbizioak bultzatuko dituzte arau horiek.
Gainazaleko eta lurpeko uretako kutsatzaileen zerrendak berrikusten dituen EBren zuzentaraua gaur (maiatzak 11) jarri da indarrean: zerrendak azken gomendio zientifikoetara egokitzen direla eta substantzia berriei jarraipen zehatzagoa eta kontrol zorrotzagoak egiten zaizkiela bermatuko du.
EBren hiru legegintza-arau egokituko dira:Uraren Esparru Zuzentaraua, Ingurumen Kalitatearen Arauei buruzko Zuzentaraua eta Lurpeko Urei buruzko Zuzentaraua.
Arau berriak aplikatzeak EB ur arloan erresilienteagoa izatea ekarriko du, eta, horrela, zero kutsaduraren eta erresilientzia hidrikoaren helburuak lortzen lagunduko du.
Halaber, berrikuspenak uraren egoera ez hondatzeko printzipioa malguago aplikatzeko aukera ematen du, jarduera ekonomiko garrantzitsuak errazteko, eta, aldi berean, ingurumenaren eta osasunaren babesa bermatzeko.
EBk uraren kutsatzaileen zerrenda eguneratu du, ingurumena eta giza osasuna kaltetzen dituzten substantzia identifikatu berriak sartzeko. Azken ebidentzia zientifikoetan oinarritutako txertatze horiek zenbait PFAS (substantzia kimiko iraunkorrak, hala nola TFA), pestizida eta produktu farmazeutiko hartzen dituzte.
Lehen aldiz, araudiak mikroplastikoei, antimikrobianoekiko erresistentzia adierazleei eta lurpeko uren ekosistema sentikorrei ere heldu die.
Berrikusitako legeak “efektuetan oinarritutako monitorizazioaren” bidez probak egiteko baldintza ere ezarri du. Kutsatzaile indibidualak neurtu beharrean, metodo horrek uraren kalitaterako arrisku konbinatua ebaluatzen du, eta monitorizazio zehatzagoa eta eraginkorragoa egiteko potentziala du.
Gainera, berrikusitako legediak zerrendetako kutsatzaileen mugak eguneratu ditu. Sei substantzia dira, haien erabilera debekatzeko edo murrizteko hartutako neurriei esker, EB osoan jada arriskutsuak ez direnak eta interes nazionaleko kutsatzaileen zerrenda berrietan txertaturik daudenak.
Legeak funtsezko eginkizuna ematen dio Substantzia Kimikoen Europako Agentziari (ECHA) kutsatzaileen zerrenden eta horien inguruko arauen etorkizuneko berrikuspenak prestatzeko, Jasangarritasunerako Substantzia Kimikoen Estrategiarekin bat datorren “substantzia bat, ebaluazio bat” ikuspegia sustatzen duen Batzordearen helburuarekin bat.
Arau berriek mugaz haraindiko lankidetza ere indartu dute, eta dinamikoagoa bihurtuko dute uraren egoerari buruzko datuen bilketa eta aurkezpena.
Berrikuspenak, halaber, txostenak aurkezteko betebehar batzuk ezabatu eta sinplifikatu ditu; hartara, estatu kideentzako karga administratiboa murriztuko da eta errazagoa izanen da, Europako Ingurumen Agentziarekin lankidetza estuan garatuko diren tresna digitalen bidez, Batzordearekiko jarraipen datuak trukatzea.
Lege berriak narriadurarik ezaren definizio bat txertatu du, eta segurtasun neurri zorrotzen mende dauden bi jarduera mota egiteko aukera gehitu du.
Jarduera horietan hobekuntza obrak txertatu dira, hala nola zubiak berreraikitzea edo uholdeetatik babesteko obrak, aldi baterako inpaktua soilik izaten ahal dutenak, baita kutsadura benetan handitu gabe hura birkokatzen duten jarduerak ere, hala nola eraikuntzarako drainatzea edo sedimentuak dragatzea.