EBk urrats garrantzitsua egin du mugaz gaindiko zerga iruzurraren aurkako borrokan. Izan ere, EBko Kontseiluak erakunde hauen arteko lankidetza eta datu-trukea indartzea adostu du: zerga agintaritza nazionalak, Europako Fiskaltza, Iruzurraren aurka borrokatzeko Europako Bulegoa (OLAF) eta Eurofisc sarea, estatu kideetako iruzurraren aurkako borrokan dabiltzan adituek osatua. Horri esker, murriztu eginen da BEZaren arloko zerga bilketaren defizita; gaur egun, 128.000 milioi eurokoa dela kalkulatzen da. Erabakia aro digitaleko BEZari buruzko neurri-sorta onartu ondoren hartu da, eta, beraz, beste urrats bat egin da BEZaren iruzurraren aurkako borroka kolektiboan.

Akordio berriaren bidez, funtsezko informazioa eskuratzeko prozesua arrazionalizatuko da; horrenbestez, Europako Fiskaltzak eta OLAFek aukera izanen dute mugaz gaindiko iruzurra modu eraginkorragoan ikertzeko eta jazartzeko.

Eurofisc sareak arriskuen analisien emaitzak Europako Fiskaltzarekin eta OLAFekin partekatzeko agindua izanen du; hala, erakunde horiek, baldintza zorrotzetan eta datuak babesteko araudiarekin bat etorriz, balio erantsiaren gaineko zergari buruzko informaziorako sarbide zuzena izanen dute.

Neurri horren bitartez ekitatea areagotuko da, eta hobeki babestuko dira funts publikoak. Izan ere, Europako Fiskaltzak eta OLAFek ikerketa gehiago burutzen ahalko dituzte arrakastaz. EBk lehia-baldintza ekitatiboak sortzen ditu arauak betetzen dituzten enpresentzat, baina legez kanpoko jardueretan aritzen direnek kontu ematea bermatu behar du.

Europako Parlamentua proposamenaren gaineko irizpena prestatzen ari da uneotan, baina Europako Ekonomia eta Gizarte Komiteak dagoeneko argitaratu du berea.

Informazio gehiago online.