Europako Batzordeak pozik hartu du Europako Parlamentuak eta EBko Kontseiluak adimen artifizialaren (AA) arloan arau errazagoak eta berrikuntzaren aldekoak ezartzeko lortutako akordio politikoa.

Europako Batzordeak duela bost hilabete soilik proposatu zuen AAren omnibus digitala, Europaren lehiakortasuna bultzatzea helburu duen EBren sinplifikazio programaren parte gisa. Horri esker, errazagoa izanen da EBko enpresentzat Adimen Artifizialaren Erregelamendua aplikatzea, eta, aldi berean, Europako gizartearentzat, segurtasunerako eta oinarrizko eskubideetarako dituen onurei eutsiko zaie.

Lortutako akordioan, aplikazio egutegi argi bat zehaztu da arrisku handiko adimen artifizialeko sistemak zuzentzen dituzten arauetarako. Arrisku handiko zenbait eremutan —hala nola biometria, azpiegitura kritikoak, hezkuntza, enplegua, migrazioa, asiloa eta mugaren kontrola— erabiltzen diren sistemetarako arauak, 2027ko abenduaren 2tik aurrera aplikatuko dira. Zenbait produktutan (igogailu edo jostailuetan, adibidez) integratutako sistemen kasuan, berriz, 2028ko abuztuaren 2tik aurrera aplikatuko dira arauak. Sekuentziazio horren bidez, arauak aplikatzen hasi aurretik arau teknikoak eta beste laguntza-tresna batzuk izatea bermatzen ahalko da.

Akordioak herritarren babesa ere indartzen du. Izan ere, debekatu egiten ditu onarpenik gabeko sexu eduki esplizitu eta intimoak edota adingabeen sexu abusurako materiala sortzen dituzten AA sistemak, hala nola biluzteko AA aplikazioak.

Enpresei dagokienez, akordioan arau sinpleagoak eta gobernantza argiagoa zehaztu dira. Enpresa txiki eta ertainentzako pribilegio jakin batzuk kapitalizazio ertaineko enpresa txikietara zabaldu dira. Era berean, Adimen Artifizialaren Erregelamenduaren eta produktuen segurtasunaren arloko EBko legeriaren —bereziki makinei dagokien Erregelamenduaren— arteko interakzioa argitu da, sektoreko eta AAko arauak bikoiztu ez daitezen. Horrez gain, berritzaile gehiagok izanen dute proben gune kontrolatuetarako sarbidea —EB mailako bat barne—, beren AA soluzioak baldintza errealetan probatzeko. Batzordearen AA Bulegoaren exekuzio eskumenak indartuko dira, AAren sistema jakin batzuk gainbegiratzen laguntzeko, esate baterako, erabilera orokorreko ereduetan oinarritutakoak eta online plataformetan eta oso tamaina handiko bilaketa motorretan integratutakoak.

Akordio honi esker, arau seguruagoak eta errazagoak izanen dira herritarrentzat zein enpresentzat.

Informazio gehiago prentsa-oharrean.