Europako Batzordeak, Siriako agintari iragankorrekin batera, Siriarako Aliantzaren Koordinazio Foroa hartu du Bruselan. Bilera horrek Foroaren konpromiso nagusiak berretsi zituen: laguntzaren, berreraikuntzaren eta garapenaren arloko nazioarteko ahalegin guztiak Siriaren suspertze-lehentasunekin koordinatzea eta harmonizatzea.

Assaden erregimenaren suntsipen urteen ondotik, Siriak sozioekonomikoki suspertzeko eta berreraikitzeko behar izugarriak ditu. EBk bere esperientzia eta erakartzeko gaitasuna erabiltzen jarraitzen du Siriari bere ekonomia suspertzen eta komunitateak bateratzen laguntzeko. Gaurko bilerak helburu horietarantz joateko urrats zehatzak utzi ditu. Dubravka Šuica Mediterraneorako komisarioa eta Asaad Hassan al-Shaibani Siriako Kanpo Arazoetarako eta Atzerriratuentzako ministroa buru zirela, foroak estatu kideetako, bazkideak diren herrialdeetako, Nazio Batuen Erakundeko eta finantza erakunde nagusietako ordezkariak bildu zituen.

Trantsizio benetan inklusibo eta baketsu batekiko zein herrialdearentzat eta, oro har, eskualdearentzat etorkizun egonkor eta oparoa ziurtatzeko, siriar guztien beharrei eta asmoei lehentasuna ematearekiko EBren konpromiso hautsiezina berretsi zuen bilerak.

EB 15 milioi euroko Laguntza Teknikoko Zentro bat sortzeko lanean ari da; Europa Taldearen ekimen enblematikoa da, Siriako erakundeen gaitasunak indartzeko diseinatua. Zentro hori izanen da Siriako agintariek EBren eta haren bazkideen laguntza teknikoa lortzeko sarbide-puntua. Zehazki, Batzordea eta garapen-agentzia nagusiak elkartuta, zentroak nazioarteko bazkideen arteko koordinazioa hobetuko du. Siriako erakunde publikoak indartzea, susperraldi sozioekonomiko jasangarria bultzatzea eta zerbitzu publikoen prestazioa hobetzea du helburu.

EBk eta Siriak adostu dute sektore pribatuaren hazkundea bultzatzeko, enpresa ingurunea indartzeko eta finantzaketa eskuratzeko moduak aztertzen jarraitzea: inbertsio eta merkataritza jasangarriak sustatzeko funtsezko urratsak dira.

Testuinguru horretan, EB-Siria Goi Mailako lehen Elkarrizketa Politikoa ere egin da. Elkarrizketa horrek aukera ematen du alde biko lankidetzarako zein EBk Sirian trantsizio politiko benetan inklusiboa, susperraldi sozioekonomikoa eta epe luzerako berreraikuntza sustatzeko biderik onenez jarduteko.

Gertaerek aldaketa estrategikoa ekarri dute EBren eta Siriaren arteko harremanetan; izan ere, krisiari erantzutetik egonkortasun, susperraldi eta oparotasunaren inguruko ikuspegi partekatu batean oinarritutako epe luzerako lankidetza batera pasatu da.