Teknologia garbien (cleantech) ekoizpen ahalmena sustatzeko Kantabriako Autonomia Erkidegoak ezarritako 6 milioi euroko laguntzen araubide bat onetsi du Europako Batzordeak, estatu-laguntzei buruzko EBren arauen arabera; ekimena bat dator Industria Garbiaren aldeko Itunaren helburuekin. Araubidea Industria Garbiaren aldeko Itunaren estatu laguntzen esparruan (CISAF) onetsi da, zeina Batzordeak onetsi baitzuen 2025eko ekainaren 25ean.

Laguntzen araubideak zero emisio garbiko ekonomia lortzeko trantsizioan laguntzea du helburu. Kantabrian zero emisio garbiko teknologien ekoizpen ahalmena handitzeko eta teknologia horien osagai espezifiko nagusiak ekoizteko inbertsioak egiten dituzten enpresa guztiei zuzendua da araubidea; CISAFen II. Eranskinean zerrendaturik daude osagai horiek. Azken produktuetarako edo osagai espezifikoetarako beharrezkoak diren funtsezko lehengai berriak edo berreskuratuak ekoizteko laguntzak ere barne hartzen ditu araubideak. Araubidearen esparruan, Kantabriako Gobernuaren aurrekontuaren kontura finantzatutako zuzeneko dirulaguntzen bidez emanen dira laguntzak. Laguntzak 2030eko abenduaren 31ra arte ematen ahalko dira.

Batzordeak egiaztatu du Espainiako araubidea bat datorrela CISAFen ezarritako baldintzekin. Zehatz-mehatz, laguntzek teknologia garbien eta horien osagai espezifiko nagusien zein horiekin loturiko funtsezko lehengaien ekoizpena sustatuko dute. Batzordeak ondorioztatu du araubidea beharrezkoa eta egokia dela zero emisio garbiko ekonomia lortzeko trantsizioa bizkortzeko eta Industria Garbiaren aldeko Ituna betearazteko garrantzitsuak diren jarduera ekonomiko jakin batzuen garapena sustatzeko. Azkenik, Batzordeak araubidea neurrikoa dela dio, beharrezkoa den gutxienekora mugatzen baitira laguntzak eta eragin mugatua baitute estatu kideen arteko lehian eta merkataritzan. Horretan oinarritu da Batzordea, laguntza publikoei buruzko EBren arauen arabera, araubidea onesteko.

CISAFi buruzko informazio zehatzagoa aurki daiteke online. Erabakiaren bertsio ez-konfidentziala SA.122075 gai-zenbakiarekin argitaratuko da lehiaren webguneko Estatu Laguntzen Erregistroan, balizko konfidentzialtasun arazoak konpondu ondotik.