Europako Batzordeak NextGenerationEU programaren elementu nagusia den Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEM) itxierarekin lotutako zenbait jarraibide argitaratu ditu; 723.800 milioi euroko funtsa zuen.
Jarraibide horien bidez, azken ordainketak egiteko eskaeren izapidetze operatiboari buruzko orientabide tekniko gehigarriak eman zaizkie estatu kideei, aplikatu beharreko epeak kontuan hartuta. Era berean, SEMen azken fasean asmoak eta helburuak behar bezala bete ez diren kasuen kudeaketa ere jaso da, bai eta baliogabetzeak izan diren kasuenak ere —hau da, asmo edo helburu bat hasiera batean betetzat jo arren, gerora ez dela horrela izan egiaztatu den kasuei dagokiena—.
Gainera, orientabideek azalpen zehatzak ematen dituzte 2026az geroagoko zenbait betebeharri buruz, hala nola txostenak aurkeztea, jarraipena egitea, kontrola, auditoretza eta datuen kontserbazioa, EBren finantza interesen etengabeko babesa bermatzeko. SEMen finantzaketa fasea 2026an burutuko bada ere, estatu kideek zorrotz ikuskatu behar dituzte, kontu eman dela eta EBren finantza arauak bete direla bermatzeko.
SEM 2021ean sortu zen, COVID-19aren pandemiaren ondoren EBren susperraldi ekonomikoa bultzatzeko eta estatu kideen erresilientzia, hazkunde ekonomikoa eta epe luzerako lehiakortasuna indartzeko.
SEMen finantzaketa eskuratzeko, estatu kideek beren suspertze eta erresilientzia planetan adostutako erreformak eta inbertsioak aplikatu behar dituzte ezinbestean.
Asmoak eta helburuak betetzeko azken eguna 2026ko abuztuaren 31 da, SEMen Erregelamenduan ezartzen den bezala, Europar Batasunaren Suspertze Tresnarekin eta baliabide propioei buruzko Erabakiarekin bat etorriz. Horrenbestez, estatu kideek beranduenez 2026ko irailean aurkeztu behar dituzte azken ordainketarako eskaerak, eta Batzordearen ordainketa guztiak 2026ko abenduaren 31n egin behar dira beranduenez.