Batzordeak kontsulta bat jarri du abian jasangarritasunari buruzko informazioaren inguruko Europako arauak berrikusteko proiektuaz (ESRS) eta jasangarritasunari buruzko informazioa aurkezteko enpresa txikienentzako borondatezko arau batez.

ESRS arauek ingurumeneko, gizarteko eta gobernantzako gaiak jorratzen dituzte, hala nola klima-aldaketa, biodibertsitatea eta giza eskubideak. Arau horiek informazioa ematen dute entitate inbertitzaileek eta beste alderdi interesdun batzuek uler dezaten zer arrisku duten enpresek jasangarritasunarekin lotuta eta zein ondorio duten arrisku horiek pertsonengan eta ingurumenean.

«Omnibus I» sinplifikazio paketetik eta Jasangarritasunaren arloko informazio korporatiboari buruzko Zuzentarauaren aplikazio eremu sinplifikatutik abiatuta, argitaratutako arau-proiektuen helburua da EBko enpresentzako karga administratiboa murriztea, eta, aldi berean, jasangarritasunari buruzko informazioaren kalitate handiari eustea.

Berrikusitako arau-proiektua laburragoa eta argiagoa da, malgutasun berriak gehitu ditu eta funtsezko prozesuak arrazionalizatu ditu. Enpresako jakinarazpen kostuak % 30 baino gehiago murriztea, nahitaezko datuak % 60 baino gehiago murriztea eta datuen guztizko kopurua % 70 baino gehiago murriztea espero da.

Arauak, neurri handi batean, EFRAGen (Finantza Informazioaren arloko Europako Kontsulta Taldea esaten zitzaion lehen) aholkularitza teknikoan oinarritzen dira; EFRAGek kontuan hartu ditu alderdi interesdunek 2025eko udaberrian eta, 2025eko udan, EFRAGen proiektuari buruzko kontsulta publiko batean egindako ekarpenak.

Batzordeak doikuntza espezifikoak proposatu ditu karga murrizten jarraitzeko, zuzentarauaren helburuak ahuldu gabe; alegia, EB osoan jasangarritasunaren arloko informazioaren kalitatea, koherentzia eta konparagarritasuna hobetzea eta enpresen jasangarritasunaren arloko ondorioen eta arriskuen inguruko gardentasuna handitzea.

Borondatezko arau-proiektuak zuzentarauaren arabera informazioa aurkezteko betebeharraren mende ez dauden enpresei lagunduko die, eta «balio-katerako gehieneko muga» bat ezartzen du; horrek eragotziko du ESRSen mende dauden enpresek beren balio-kateko bazkide diren entitateei, 1.000 langile edo gutxiago dituztenei, borondatezko arauak estaltzen duena baino informazio gehiago eskatzea.

Alderdi interesdunek oharrak formulatzen ahal dituzte «Esaiguzu zer pentsatzen duzun» atariaren bidez, 2026ko ekainaren 3ra arte. Ondotik, Batzordeak eskuordetutako bi egintza onetsiko ditu lehenbailehen, eta Europako Parlamentuari eta Kontseiluari aurkeztuko dizkie, aurkakotasunik ezaren prozeduraren arabera azter ditzaten (bi hilabete, beste bi hilabetez luzatzeko aukerarekin).

ESRSen berrikuspenei eta borondatezko arau-proiektuei buruzko informazio gehiago kontsulta daiteke online, baita «balio-katerako gehieneko mugari» buruzko galdera-erantzunen dokumentuan ere.