Kontseiluak 15 milioi euroko laguntza-neurria hartu du Bakeari Laguntzeko Europako Funtsaren kontura. Bosnia eta Herzegovinako Indar Armatuen gaitasun militarrak eta defentsakoak indartzea da helburua. Erabakiak orain arte 2021eko eta 2022ko aldebiko laguntza paketearen esparruan emandako laguntza osatuko du.
Laguntza-neurri berriak Bosnia eta Herzegovinako Indar Armatuen elkarreragingarritasuna eta eskuragarritasun operatiboa indartuko ditu, baita EBren segurtasun eta defentsa politika bateratuaren operazioetan eta misioetan eta nazioarteko edozein koaliziotan laguntzeko haien gaitasuna ere.
Gaurko erabakiak Bosnia eta Herzegovinarekin segurtasunaren eta defentsaren arloan dagoen lankidetza iraunkorra ilustratzen du, eta herrialdea EBren kanpo eta segurtasun politika bateratura erabat egokitu dela islatzen du. Eskualde-testuinguruan, EBk eta Bosnia eta Herzegovinak sistematikoki berretsi dute eremu horretan lankidetza hobetzeko asmo irmoa dutela; esaterako, Bosnia eta Herzegovinak Balkanetako Talde Operatibo Medikoan parte hartuz. Eskualdeko talde operatibo horrek Bakeari Laguntzeko Europako Funtsaren laguntza ere badu.
Bakeari Laguntzeko Europako Funtsak norbera babesteko ekipamenduak, ekipo kimikoak, biologikoak, erradiologikoak eta nuklearrak, gauez ikusteko gailuak eta kargatzeko ibilgailuak emanen dizkie Bosnia eta Herzegovinako Indar Armatuei. Halaber, beharrezkoa denean, lotutako hornidurak eta zerbitzuak emanen ditu; besteak beste, prestakuntza operatiboa.