Europako Batzordeak eta Europako Defentsa Agentziak (EDA) Ekarpen Akordio bat sinatu dute BraveTech EU ekimenaren bigarren fasea abiarazteko. Defentsako berrikuntzari aurrerapen handia dakarkio EBren laguntzarekin. Akordioaren arabera, EDAk 35 milioi euro jasoko ditu programaren hurrengo fasea ezartzeko.
BraveTech EU 2025eko uztailaren 11n iragarri zuten Andrius Kubilius komisarioak eta Mykhailo Fedorov Ukrainako ministroak. Berrikuntza programa bat da Ukrainako Brave1 defentsa berrikuntzako klusterrarekin lankidetza estuan garatutakoa. Ekimena diseinatuta dago premiazko behar operatiboei zuzenean heltzen dieten konponbideak are bizkorrago garatzeko, batez ere Ukrainako gudu-zelaian sortzen direnak.
Bi fasetan egituratuta, BraveTech EUk etorkizun handiko teknologiak azkar identifikatzea eta mundu errealean baliozkotzea uztartzen ditu.
Lehen fasea, «DefTech Forges» izenekoa, Civitta, Starburst Accelerator eta Darkstar enpresek osatutako partzuergoari adjudikatu zitzaion. Fase horren ardatza da Europa osoko berritzaileen irtenbide onenak iragaztea eta hautatzea. Bigarren fasea, orain EDAren eskutik, irtenbideak probatzea eta ebaluatzea izanen da; hain zuzen ere, benetako egoera operatiboen eta Ukrainako gerraren ondoriozko agertokien antzeko inguruneetan.
Ekimena ezartzea abian da jada. DefTech Forgesen lehen ekitaldiak ekainerako programatuta daude Estonian eta Frantzian, eta probatzeko eta ebaluatzeko hasierako jarduerak urte honen hondarrerako aurreikusten dira. Oro har, ahaleginen helburua da, hain justu, Europako defentsa berrikuntzarako ekosistema indartzea, eta, aldi berean, benetako laguntza ematea Ukrainaren berehalako behar operatiboei.