María Chivite Navascués Nafarroako lehendakariak Europako automozioaren industriaren eraldaketa premiaz bizkortu beharra defendatu du Bruselan; izan ere, sektorea “funtsezkoa da eskualdeentzat eta Europako proiektuarentzat”.
Automozioaren orainari eta etorkizunari buruzko eta Europako automobilaren politikak bultzatzeari buruzko txostena aurkeztu du lehendakariak Europar Batasuneko Lurralde Kohesio eta Aurrekontu Politiken Batzordearen (COTER) 8. bileran.
Automozioa eraldatzeko oinarriak
Lehendakariak egungo testuinguru geopolitikoa aipatu du, haren ondorioz ezinbestekoa baita “Europan deskarbonizaziorantz eta autonomia energetikorantz joatea”, eta gaineratu duenez, “une eraldatzaile historikoan gaude, haren sakontasun eta abiaduragatik”.
Chivitek automozioaren eraldaketaren oinarri izan beharrekoak zerrendatu ditu. Lehenik, klimaren esparruan eta automozioaren trantsizio esparruan “helburu argiak” izan beharra aipatu du.
Bigarrenik, babes publikoaren protagonismoa defendatu du. “Baliabideak jarri behar dira, iristen direnak eta lurraldeetan kapilarizatzen direnak”, eta hirugarren ideia gisa, industria- eta lurralde-estrategia bat izan beharra berretsi du. Horrekin guztiarekin batera “profesionalen prestakuntza, kalitatezko enplegua eta emakumeen partaidetza” egon behar direla defendatu du.
Nafarroa, adibide gisa
Ildo horretan, Nafarroako eredua jarri du adibide gisa. “Trantsizio energetikoaren eta mugikortasun elektrikoaren eredu bat gidatzen ari gara, inbertsioaz, laguntzez eta kenkari fiskalez lagunduta, eta egiten ari gara tokiko administrazioekin, Espainiako Gobernuarekin, gizartearekin eta, jakina, sektorearekin batera”.
Lehendakariak laburbildu duenez, automozioak oraina eta etorkizuna izanen badu, “berrikuntza, digitalizazioa, jasangarritasuna, deskarbonizazioa eta zeharkakotasuna” bultzatu beharra dago, eta, horrez gain, anitzetariko planoetan jardun: “inbertsioa, prestakuntza, enplegua, merkatuak, laguntzak, gizarte- eta lurralde-kohesioa, gobernantza, eskualde dimentsioa eta aukera-berdintasuna”.
Lehendakaria, Juan Moscoso adituarekin batera
Bileran izan da, orobat, Juan Moscoso automozioan aditua, Esade-Geoko Industria Politikako Behatokiko zuzendaria. Moscosok automozioaren industriaren garrantzia azpimarratu du, “sektoreak tradizioz Europako hazkunde ekonomikoa gidatu” baitu.
Nabarmendu duenez, 2026a funtsezko urtea da Europako industria politikarako; izan ere, aurten “autonomia estrategikoari buruzko oinarrizko erabakiak hartu behar dira, industrializatzeko, teknologia sustatzeko eta inbertsioak laguntzeko helburuekin. Bai eta, Nafarroan eta automozioaren sektorean, lege multzo osoa behin betiko bultzatzeko ere”.
Gai horiek guztiak heldu diren hilabeteetan eztabaidatuko dituzte Chivite lehendakaria kide den Europako Eskualdeen Komitean.
Elkartasuna eta ekitatea, Gazteen Europako Asteko gai nagusiak
2026ko Gazteen Europako Astea 2026ko apirilaren 24tik maiatzaren 1era bitartean eginen da. Elkartasuna eta ekitatea dira aurtengo edizioaren ardatza, Europako boluntariotzaren 30. urteurrena ospatzeko. Erakusketa batek gizartean alde nabarmena markatu duten europarren berri emanen du.
Batzordeak Gazteen Europako Astea antolatzen du bi urtean behin, gazteen parte-hartzea, konpromisoa eta herritartasun aktiboa ospatzeko eta sustatzeko Europan eta haratago. Astea Bruselan hasiko da, Europako Batzordeak eta Europako Parlamentuak batera antolatutako ekitaldi batekin. 1.000 parte-hartzailek baino gehiagok ideiak eta iritziak trukatzeko aukera izanen dute jarduerez betetako egunean.
Astean zehar, anitzetariko ekitaldi, eztabaida eta jarduerak eginen dira Europa osoan, eta haietan gazteak, alderdi interesatuak eta arduradun politikoak bilduko dira funtsezko gaiak eztabaidatzeko eta ikuspegiak trukatzeko.
Gazteak laguntzea funtsezko lehentasuna da oraindik Batzordearentzat, eta EBko hainbat ekimenek finantzatutako aukerak eskaintzen dizkiete gazteei, hala nola gazte trukeak, boluntariotza, ikasketak, lana, bidaiak eta EBko prozesu demokratikoetan parte hartzea.