Europako Batzordeak bere plana aurkeztu du EBko legeria modernizatzeko, eta horrela bermatu dadin legeria argiagoa eta errazagoa dela, eraginkortasun handiagoz aplikatzen dela, froga sendoetan oinarritzen dela eta hala herritarren nola enpresen beharretara hobeki egokitzen dela.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearen esanetan: «Europak legedi argia eta koherentea behar du, herritarren eta enpresen beharrei bete-betean erantzuten diena. Gaur gure plana aurkezten dugu EBko legedia eraginkorragoa, efikazagoa eta gardenagoa izan dadin. Sorreratik beretik sinplea izateko ikuspegia aplikatuko dugu, eta arau guztiak froga sendoetan oinarritzen direla zainduko dugu oraindik. Baina hori ez da guztia: gehiegizko erregulazioari ere helduko diogu; aplikazioa arinduko dugu, eta gaur egungo lege-ondarea sinplifikatuko dugu. Gure lehiakortasuna indartzeko ekarpen erabakigarria da».
Batzordeak bost eremu izanen ditu ardatz:
Sorreratik beretik sinplea: EBko legedia aise ulertu, aplikatu eta betearazi behar da. Batzordeak «sorreratik beretik sinplea» izateko ikuspegia txertatu nahi du proposamen guztietan, argi egon dadin nork jardun behar duen, xedapenak nola bete behar diren eta ez-betetzearen ondorioak zein diren.
Legeria hobetzeko esparrua indartzea: legeria hobetzeko sistemak ezartzen du Europako Batzordeak zer printzipiori jarraitzen dien ekimen berriak egiteko garaian. Munduko aurreratuenen artean dago jada. Hobetzen jarraituko dugu, gardentasuna, alderdi interesdunen parte-hartzea eta eraginkortasuna hobetzeko.
Arauen «garbiketa sakon»eko ariketa: Batasunak asmo handiko politikak aplikatzen jarraitzen badu ere, bere arau-korpus zabala ere txukundu behar du. Ekintza plan baten bidez lehentasunezko hamabi eremutan dauden xedapenen inkoherentziak, gainjartzeak eta gehiegizko konplexutasuna landuko dira.
Gainerregulazioaren aurkako borroka: alferrikako konplexutasuna eta merkatu bakarrari ezarritako oztopoak antzematen eta jorratzen lagunduko die estatu kideei Batzordeak, baldin eta aplikatutako betekizunak EBko Zuzenbidean ezarritakoak baino zorrotzagoak edo zabalagoak badira.
Aplikazio azkarragoa eta zorrotzagoa: Batzordeak merkatu bakarraren araudiaren aplikazioa indartuko du jarduera eremu jakin batzuetan. Iraupen luzeko arau-hauste kasuen kopurua murriztea ere azpimarratuko da.
Maila globalean aldaketa sakonak gertatzen ari diren une honetan, funtsezkoa da Europako lehiakortasunerako arau-esparru eraginkorra eta efikaza izatea. Arau errazagoek, hobeki diseinatutakoek eta aplikatzen errazagoek ahalmen ekonomikoa askatzen eta merkatu bakar dinamiko eta integratuagoa sustatzen lagunduko dute.
Europako Parlamentua eta Kontseilua funtsezko bazkideak dira Komunikazio honetan azaldutako helburuak gauzatzeko. Hori dela eta, Batzordeak legegilekideei eskatzen die zaindu dezaten erakunde bakoitzak «sorreratik beretik sinplea» izateko eta legeria hobetzeko printzipioak legegintza prozesu bakoitzean koherentziaz aplikatzea.
Komunikazioak oinarri hartzen ditu Von der Leyen presidenteak 2024-2029rako finkatutako orientabide politikoak, 2026ko otsailaren 12ko buruzagien bileran adierazi zituen konpromisoak eta «Europa errazagoa eta azkarragoa» komunikazioa.