Batzordeak onartutakogomendioaren bidez estatu kideei eskatzen zaie EBko adina egiaztatzeko aplikazioaren hedapena bizkortzeko, urte hondarra baino lehen erabiltzaileen eskura jar dadin. Aplikazio segurua eta fidagarria da, eta pribatutasuna zaintzen du; funtsezko urratsa da adingabeak lineako eduki kaltegarri eta desegokietatik babesteko.
Estatu kideek aukera dute adina egiaztatzeko funtzioa aplikazio independente baten bidez ezatzeko edo Europako identitate digitalaren zorro batean txertatzeko. Gomendioak zehazten du, orobat, estatu kideek zer neurri hartu behar dituzten EBko adina egiaztatzeko irtenbidea azkar eskuragarri eta elkarreragingarri dagoela bermatzeko.
Batzordeak aplikazioaren zehaztapen teknikoak prestatu ditu, eta, haren bidez, erabiltzaileek eskatutako adin-muga betetzen dutela frogatzen ahalko dute, adin zehatza, nortasuna eta beste edozein datu pertsonal jakinarazi gabe. Orain, estatu kideei dagokie aplikazioa herritarrentzat pertsonalizatzea eta garatzea.
Online dauden adingabeak babestea lehentasuna da Batzordearentzat. EBko Zerbitzu Digitalen Erregelamenduaren arabera, online plataformek online dauden adingabeen pribatutasun-, segurtasun- eta babes-maila handia bermatu behar dute.
Henna Virkkunenek, Subiranotasun Teknologikoaren, Segurtasunaren eta Demokraziaren presidenteorde exekutiboak, zera adierazi du:
«Adina eraginkortasunez eta pribatutasuna errespetatuta egiaztatzea da osatzear dugun buru-hausgarriaren hurrengo pieza, ahalegintzen ari baikara adingabeak seguru dauden online gune bat sortzen, helduen eskubideak murriztu gabe, adingabeek modu positiboan eta arduratsuan erabil dezaten».