Nafarroako Gobernuak baimena eman du, gaurko bilkuran, 2.522.500 euroko urte anitzeko gastu-konpromisoa hartzeko, European Circular Innovation Valley – ECIV (Europako Berrikuntza Zirkularraren Harana) ekimenaren lehen deialdian hautatutako erakunde nafarren proiektuak diruz laguntzeko.

Azpimarratzekoa da Nafarroak posizio gailena lortu duela deialdian. Izan ere, parte hartzen du Europako hainbat eskualdetako 117 erakundek aurkeztutako 21 proposamenetatik 13tan, datorren ekainean burutuko den ebaluazio-prozesu baten esparruan. Zehazki, nazioz gaindiko zortzi proiektu zuzentzen ditu Nafarroak, eta beste bost proiektutan ere parte hartzen du.

Jasangarritasuna, baliabideen erabilera eraginkorra eta balio-kate berrien sendotzea sustatzen dute proiektuek. Proposamenetan, Europako ekonomia zirkularrerako funtsezkoak diren eremu batzuk ukitzen dira, hala nola nekazaritzako elikagaietako azpiproduktuen balorizazioa, bioprozesu eta biomaterial aurreratuen garapena, industria-sinbiosia, materialen zirkularitatea eta materialak berrerabiltzeko eta birziklatzeko soluzioak eta uraren eta hari lotutako baliabideen tratamenduaren optimizazioa.

Foru Komunitateak deialdi honetan izan duen protagonismoa ECIVeko Nafarroako lantaldeak aurreko hilabeteetan egindako lan handiaren ondorioa da: egindako saio informatiboek, elkargune teknikoek eta etengabeko laguntzak erakunde parte-hartzaileen arteko trukea erraztu dute.

ECIV lantaldearen matchmakingeko (helburu komunak dituzten erakundeak parekatzea) plataformari esker, bazkideak identifikatu dira eta lankidetza berriak sortu dira, programaren lehentasunekin bat egiten duten partzuergo sendoak sortzeko pentsatuak.

Gaur baimendu den dirulaguntzen aurrekontuarekin, prozesuan hautatzen diren erakunde nafarren proiektuak finantzatzen ahalko dira.

Ekonomia zirkular baterako trantsizioa bizkortzeko Europako ekimen kolaboratiboa

Europa osoko eskualdeak elkartzen dituen ekimen kolaboratibo bat da European Circular Innovation Valley – ECIV eta ekonomia zirkular baterako trantsizioa bizkortzeko helburua du. Berrikuntzarako Europako agertoki gisa planteatzen da, non enpresak, ikertzaileak, unibertsitateak, berrikuntza-agentziak, gobernuak eta komunitateak elkartzen baitira hondakinak baliabide bilakatuko dituzten soluzioak sortzeko elkarren artean, produktu adimentsuagoak diseinatzeko eta inpaktu txikiko balio-kate erresilienteak eraikitzeko.

Nafarroako Gobernuak taldean zuzentzen du proiektua, Sodena enpresa-garapeneko sozietate publikoaren eskutik. Gogora ekar dezagun ekonomia zirkularra lehentasun estrategikoa dela foru-gobernuarentzat. Hala, Espezializazio Adimentsuaren S4 Estrategian txertatu du eta Navarra Zirkularrean eta beste programa batzuetan gauzatu baitu. Navarra Zirkularra, hain zuzen, erakunde publikoen, enpresen eta ikerketa-zentroen arteko lankidetza sustatzeko ekimen bat da.