Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak deialdi bat onetsi du, Kanpo Ekintzaren arloan gazteen prestakuntza sustatzeko beka bat zuzkitzeko.

Onuradunak aukera izanen du Europako erakundeei, Batasuneko politikei eta horiek Nafarroaren errealitatean duten eraginari buruz duen ezagutza hobetzeko, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroako Gobernuaren Bruselako Bulegoaren eguneroko lanetan parte hartuz, non eginkizun teknikoetan lagunduko baitu, ezagutza praktiko zabala sendotzeko helburuz.

Parte hartuko duen zereginen artean, hauek nabarmentzen dira: informazioa bilatzea eta materiala eta dokumentazioa prestatzea, Europar Batasuneko erakunde eta organoen bilera edo konferentzietara joatea, txostenak eta buletinak egiten laguntzea, etab. Azken batean, hautatutako pertsonak ezagutza praktiko zabal batzuk sendotzen ahalko ditu Nafarroa Europar Batasuneko kide izateak berekin dakarren guztiari buruz.

Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusia konprometitzen da bekaren onuradunari hilean 1.250 euro gordin ordaintzera bekaren lehenbiziko hilabetean, Iruñeko bulegoetan aritu bitartean, eta hilean 1.500 euro gordin, aldiz, Nafarroako Gobernuaren Bruselako Bulegoan hasten denetik beka bukatu arte. Diru-kopuru horiei pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kontura bidezko diren atxikipenak eginen zaizkie.

Bekaren hasiera-eguna emakidaren ebazpenean zehaztuko da. Aurreikusten da 2026ko maiatzean hastea eta urtebete geroago bukatzea; gero luzatzen ahalko da, urtebeteka, gehienez ere hiru urte egin arte, hasierako aldia eta luzapenak kontuan harturik. Luzapena onartzeko, horretarako kreditu erabilgarri nahikoa izan beharko da aurrekontuetan.

Deialdiaren oinarrietan, besteak beste, eskakizun hauek kontsultatzen ahal dira: adin nagusikoa izatea eta 30 urte baino gutxiago izatea, unibertsitate-titulua izatea, Nafarroan bizi izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza-bekarik jaso ez izana bi urtez edo gehiagoz.

Eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 20an bukatuko da. Ahal dela, online izapidetuko dira. Eta, ezinezkoa bada, horretarako gaitutako erregistro ofizialetan aurkezten ahalko dira.