Errenteriak eta Oriok (Euskadi) eta San Xoán de Ríok (Galizia) sari bana jaso dute Inklusioaren eta Aniztasunaren Europako Hiriburuen Sariaren bosgarren edizioan. Politika inklusiboak sustatzen eta aniztasuna babesten lan nabarmena egin duten EBko hiri eta eskualdeei ematen die sari hau Europako Batzordeak. Hain zuzen, Europako Batzordeak pertsona-mota ororenganako diskriminazioa azkentzeko duen “Berdintasunaren Batasuna” eraikitze aldera egindako ekimenen parte da.

Belgikako, Hungariako, Italiako, Herbehereetako eta Espainiako hiri eta udalerriak izan dira aurtengo irabazleak. Aintzatetsiak izan dira aniztasuna eta inklusioa sustatuz gizarte bidezkoagoak eraikitzeko egin duten lanarengatik, generoari, adinari, arraza- eta etnia-jatorriari, erlijioari eta sinesmenei, desgaitasunari eta sexu-orientazioari dagokienez.

Urrezko saria jaso du 50.000 biztanletik gorako udalerrien kategorian Budapesteko Józsefváros zortzigarren distrituak (Hungaria).

Euskadiko bi hiri eta Espainiako bat saritu dituzte 50.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrien kategorian:

  • Errenteriak (Gipuzkoa) Urrezko Saria jaso du, kultura-aniztasunarekin duen konpromiso sendoagatik eta migratzaileak, LGBTIQ+ komunitatea, emakumeak, desgaitasuna duten pertsonak eta adinekoak ardatz dituzten ekimenengatik.
  • Probintzia bereko beste hiri batek jaso du zilarrezko saria; hain zuzen, Oriok (Gipuzkoa). Zehazki, sariak hiriaren inklusio-eta aniztasun-estrategia aintzatetsi du, «Bizitza Askeak Plazer», zeinak migratzaile, emakume, LGBTIQ+ pertsona, adineko eta desgaitasunen bat duten pertsonei laguntzen baitie.
  • Azkenik, Galiziako San Xoán de Río (Ourense) udalerriak eskuratu du brontzezko saria, adinekoen, emakumeen eta LGBTIQ+ komunitateko kideen aurkako diskriminazioa ezabatzeko egindako ekimenei esker.

Gainera, guztientzako lan-merkatu inklusiboak sortzeagatik berariazko sariko urrezko eta zilarreko sariak jaso zituzten Euskadiko bi hiriek, zeina 2026ko ikuspegi tematikoa izan baitzen. Errenteriak urrezko saria irabazi zuen “enplegua gizarteratzeko funtsezko elementutzat jotzen duen ikuspegiarengatik eta aniztasunaren isla izanen den tokiko lan-merkatuarekiko duen konpromisoarengatik” eta, Oriok zilarrezko saria eskuratu zuen “tokiko lan-merkatuan bazterketa jasan dezaketenei zuzendutako ekimenengatik, fokua zaintzaren ekonomiako emakume migratzaileengan jarririk”.

Modalitate horretan, Milan metropoli-hiriak (Italia) jaso du brontzezko saria, lan-ekosistema bidezko, jasangarri eta inklusibo baten alde egindako lanarengatik; besteak beste, «Claudia!» proiektua zuzendu du testuinguru horretan, erakunde eta enpresei laguntzen diena inklusioko eta genero-berdintasuneko politikak aplikatzen.

Batzordeak sarien espirituarekin duen konpromisoa berretsi du Genero-berdintasunerako Estrategia 2026-2030, Arrazismoaren aurkako Estrategia 2026-2030 eta LGBTIQ+ Pertsonen Berdintasunerako Estrategia 2026-2030 ekimenekin, eta inklusioa babesten duten tokiko agintaritzak ikusgai egiten, goraipatzen eta babesten jarraituko du, batez ere, bihar hasten den EBko Aniztasunaren Hilabetearen testuinguruan.