Europako Batzordeak Mediterraneorako Itunaren aplikazioan aurrera egiteko ekimen nagusien lehen multzoaren zirriborroa egin die EBko estatu kideetako eta Mediterraneoko hegoaldeko ordezkariei, ekintza-plan gisa. Mediterraneo osoko gobernuek, gizarte zibilak, gazteek, sektore pribatuak eta ikertzaileek parte hartu zuten kontsulta-prozesu zabal eta inklusibo baten bidez landu zen Ituna. Herritar eta enpresei zuzeneko onurak ekarriko dizkien 100 ekimenetik gora sortu ditu baterako ahalegin horrek. Batera diseinaturiko lehen 21 ekintza zehatz eta berritzaileak jarri dira martxan ekintza-planaren lehen edizio honekin.
Gero eta hegakorragoa den testuinguru geopolitiko honetan, Mediterraneo osoan elkarteak sendotzeko konpromisoarekin jarraitzen du EBk. Aldizka eguneratuko den dokumentu malgu eta dinamiko bat da ekintza-plana, testuinguru aldakorrera egokituko dena alderdi interesdunei eta bazkideei etengabe eginen zaizkien kontsulten bidez, egokia eta efikaza dela bermatzeko. 2026ko udazkenerako aurreikusten da planaren bigarren bertsioa. Web-orri interaktibo batek alderdi interesdunei aukera emanen die proiektu eta ekimen zehatzak identifikatzeko, herrialdeen eta sektoreen arabera aztertzeko eta aurrerapenen jarraipena egiteko, gardentasuna eta konpromisoa bermatuz eta, aldi berean, Itunak eskualde osoan duen inpaktu ukigarria erakutsiz.