Europako Batzordeak EB-Siria Lankidetza Akordioari berriz ekitea proposatu du, eta aurrerapausoa izan da bi alderdien arteko harremanetan. Hain zuzen, Von der Leyen presidenteak 2026ko urtarrilean EB-Siria lankidetza-esparru berria iragarri ondotik gertatu da. Esparru horren testuinguruan, Siriak zuzenduriko trantsizio baketsu eta inklusibo baten aldeko babesa areagotzen ari da EB, kontuan hartuz premia humanitarioak eta susperraldi ekonomikoaren aldeko ahaleginetan lagunduz.

EB-Siria Lankidetza Akordioa eten egin zen 2011n, Al-Asaden erregimenean egindako errepresio sistematikoaren eta giza eskubideak modu larrian urratzearen ondorioz. Lankidetza Akordioa izan da EBren eta Siriaren arteko lankidetza-esparrua 1978tik, zeinaren bidez Siriaren garapen ekonomiko eta soziala babestu baita eta harreman komertzial justu eta legezkoak sustatu baitira. Siriatik datozen industria-produktu gehienen aduana-eskubideak ezabatu ditu eta murrizketa kuantitatiboak galarazten dizkie bi alderdiei.

2025eko maiatzean Siriaren aurkako zigor ekonomiko guztiak kendu eta Von der Leyen presidenteak 2026ko urtarrilean Damasko bisitatu ondotik piztu dira berriz EBren eta Siriaren arteko harreman politiko eta lankidetzakoak. Bisita horretan, Von der Leyen presidenteak berradiskidetzearen eta berreskuratzearen alde egiteko Siriarekin berrituriko aldebiko harremanen hiru ardatzak iragarri zituen: elkartze politiko berritu bat; merkataritza eta lankidetza ekonomikoa hobetzeko esparru bat; 620 milioi euro inguruko laguntza finantzarioko sorta bat 2026rako eta 2027rako, barnean hartzen dituena laguntza humanitarioa, leheneratze goiztiarra eta aldebiko laguntza.

Orain Kontseiluak formalki hartu beharko du proposamena, eta, ondotik, Siriako trantsizio-agintariei jakinaraziko zaie. Seinale politiko garrantzitsua da 2026ko maiatzaren 11n EBren eta Siriaren artean eginen den goi-mailako elkarrizketa politikoari begira.