Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean bi arau-multzo garrantzitsu argitaratu dira, energia-merkatuak gardenagoak eta bidezkoagoak izan daitezen.

Arau-multzo bat, informazio pribilegiatuko plataformei eta erregistratutako informazio-mekanismoei buruzko Erregelamendu Delegatu bat, baimen-prozedurari, hura errebokatzeari eta energia-merkatuaren datuak Energia Erregulatzaileen Lankidetzarako Europako Agentziari (ACER) jakinarazten dizkioten erakundeak gainbegiratzeari buruzkoa da. Helburua da entitate horiek baimentzeko eta gainbegiratzeko prozesua erraza eta bidezkoa izatea.

Beste arau-multzoak datuen komunikazioari buruzko 1348/2014 (EB) Betearazpen Erregelamendua indargabetzen du, eta energia-merkatuko datuak ACERri komunikatzeko modua hobetzea du helburu. Horri esker, ACERk hobeto gainbegiratzen ahalko ditu energiaren handizkako merkatuak eta merkatu-abusuak hautematen ahalko ditu. Helburua esparru orekatu bat ezartzea da, merkatuko parte-hartzaileek ACERri datuak eman diezazkioten, ahal den neurrian, parte-hartzaile horiei datuak jakinarazteak dakarren karga administratiboa errazteko.

Arau horiek 2026ko apirilaren 29an jarriko dira indarrean. Indarrean sartu ondoren, arau gehienak ez dira zuzenean aplikatuko, trantsizio aldia egonen baita, merkatuko parte-hartzaileak eta beste eragile garrantzitsu batzuk aldaketetara egoki daitezen.

Arau horiek energiaren handizkako merkatuaren osotasunari eta gardentasunari buruzko 1227/2011 (EB) Erregelamenduaren (REMIT) arabera onetsi dira. Erregelamendu hori 2024an aldatu zen, eta energiaren handizkako merkatuan ikuskapen arina eta gardentasuna bermatzen ditu, bai eta merkatuaren manipulazioaren prebentzioa ere.