Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak deialdi bat argitaratu du ostegun honetan Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako enpresek Bruselan duten parte-hartze aktiboa areagotzeko, Europako erakundeen ezagutza handiagoa lortzeko eta, hala, Europar Batasunak enpresen arloan eskaintzen dituen aukerak ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Europa Hurbilago laguntza-programa da, eta 21.000 euroko inbertsioa du.
Egoitza fiskala Nafarroan duten enpresei zuzentzen zaizkie laguntzak, eta haien xedea da enpresa horiek Europan duten presentzia areagotzeko jarduerak finantzatzea. Testuinguru horretan, dirulaguntza emanen zaie Enterprise Europe Network (EEN) sarean parte hartzen duten enpresa txiki eta ertainei; enpresak lotzeko sare bat da EEN, Europako Batzordeko ETEentzako Agentzia Exekutiboak eta Nafarroako Gobernuaren Bruselako Ordezkaritzak sustatua. Zehazki, Nafarroan bi erakunde aintzatetsi dira EEN gisa: enpresa-misio bat antolatzen dute urtero Bruselara, prestakuntza-ekintzak garatzeko eta ekitaldi, biltzar eta hitzaldietako parte-hartzea sustatzeko.
Bestalde, ADItech Fundazioak eta Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak batera antolaturiko misio teknologikoaren inguruko ekintzak ere finantzatuko ditu ostegun honetan argitaraturiko laguntza-deialdiak. Europako proiektuetan (bereziki, I+G+Bkoetan) parte hartzeko interesa duten izaera teknologikoko enpresei bideratzen zaie enpresa-misioa. Horretarako, enpresa parte-hartzaileei egokituriko bileren agenda bat sustatu du Bruselan, eta CEINekin batera antolaturiko EIC Summit ekimenean (Brusela, ekainaren 3a eta 4a) parte hartzea sustatu du, erreferentziazko ekimena baita Europako Berrikuntza Kontseiluko ETEentzat.
Hona hemen deialdian dirulaguntza jasotzeko moduko beste jarduera batzuk: enpresek parte hartzea InfoDays egunetan, Europako Egunetan, Europako Asteetan (adibidez, Europako Aste Berdea, Energia Jasangarriaren Europako Astea eta Industriaren Europako Egunak) eta Europako Batzordeak edo haren agentzia exekutiboek beren kabuz edo lankidetzan antolaturiko edozein ekitalditan. Nafarroako enpresek ekitaldietan parte hartuz partzuergoak eratzeko bilerak egiteari lotutako gastuak ere lagunduko dira diruz.
Zehazki, mota horretako jardueretan parte hartzen duten enpresen bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak lagunduko ditu diruz deialdiak. Dirulaguntza jasotzeko, 2026ko urtarrilaren 1aren eta azaroaren 20aren artean egindako gastuak izan behar dute, eta laguntzaren zenbatekoa ez da 1.500 euro baino gehiagokoa izanen enpresa parte-hartzaile bakoitzeko.
Eskaerak aurkezteko epea izanen da deialdia NAOn argitaratu eta biharamunetik hasita 2026ko urriaren 2ra arte. Interesdunek, izena emateko, Nafarroako Gobernuaren atariko tramiteen katalogoan horretarako prestatutako fitxa bete beharko dute.
Informazio gehiago izateko, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaraturiko deialdi osoa kontsultatu daiteke.