Foru Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak laguntza-deialdi bat onetsi berri du irabazi-asmorik gabeko enpresa eta erakundeetan Europako proiektuak kudeatzeaz arduratuko diren pertsonak kontratatzea sustatzeko. Zehazki, deialdiaren inbertsioa 140.000 eurokoa izanen da guztira.
Dirulaguntza horien bidez, zenbait pertsonaren kontratuak finantzatu nahi dira, Europako proiektuen esparruko deialdiak bilatu eta identifika ditzaten, beren enpresa edo erakundeak proposamenak aurkezteko modukoak. Halaber, deialdian sartzen dira proposamen horiek hobetzeaz (haien arrakasta maila areagotzeko) arduratzen diren pertsonen kontratuak.
Dirulaguntza jasotzeko, enpresek edo enpresa onuradunek sinatutako kontratuek helburu izan behar dute, adibidez, proiektu-ideia bat sortzea, ideia hori txertatzen duten programak eta deialdiak monitorizatzea eta identifikatzea, bazkideak edo atxikitzeko proposamenak bilatzea, eta aurkeztutako proposamenen jarraipena eta ebaluazioa egitea proiektuak irauten duen bitartean.
Kontratuek 12 hilabete iraun behar dute gutxienez, eta lanaldi osokoak izan. Gainera, kontratazio berria izan behar du, eta ez da baliozkoa izanen deialdia argitaratzen den unean enpresa edo entitate eskatzailean lanean ari diren pertsonekin egindako kontratuak eguneratzea. Dirulaguntzen oinarrietan xedatzen da, bestalde, kontratatutako pertsonak gutxienez urtean 32.000 euroko ordainsari gordina izan beharko duela.
Laguntza 20.000 eurokoa izanen da kontratazio bakoitzeko. Hala, enpresa edo irabazi-asmorik gabeko entitate batek dirulaguntzak eskatzeko aukera izanen du Europar Batasuneko proiektu desberdinak kudeatuko dituzten pertsonak kontratatzeko.
Eskaerak egiteko epea hilabete batez egonen da irekia, apirilaren 27ra arte, eta telematikoki egin behar dira nahitaez Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen katalogoan, horretarako fitxa baliatuta.
Deialdiari buruz gehiago jakiteko, testu osoa kontsultatzen ahal da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.