Nafarroako Foru Komunitateak eta Frantziako Pirinio Atlantikoetako eskualdeak lehen urratsa eman dute gaur INCLUS-IA Europako proiektua garatzeko; hau da, eremu digitalean desgaitasuna duten pertsonen enplegu inklusiboa sustatzeko mugaz gaindiko ekimena. Horretarako, prestakuntza emanen da eta programa pilotu bat jarriko da abian. Proiektua abiarazteko bilera (kick-off) egin dute ostiral honetan VidAAs gizarte-berrikuntzako zentro publikoan, Sarrigurenen, eta mugaz gaindiko partzuergoko kide diren erakunde bazkide eta elkartuek hartu dute parte.
Javier Remírez Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak hasi du ekitaldia; hain zuzen, haren departamentuak zuzentzen du Interreg Poctefa proiektu hau, Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiaren bidez.
Javier Remírezek azpimarratu duenez, “Europa inklusiboago baten aldeko ekintza estrategiko bat da INCLUS-IA, zeinean eraldaketa digitalak eta adimen artifizialak pertsona guztien zerbitzura egon behar baitute”. Halaber, nabarmendu duenez, “proiektu honek aukera emanen du desgaitasunen bat duten pertsonentzako enplegu-aukera errealak sortzeko, eta, hala, haien autonomia eta gizarteko partaidetza osoa indartuko dira”.
Lehendakariordeak, gainera, mugaz haraindiko lankidetzaren balioa nabarmendu du, eta adierazi du “lurralde eta erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa” dela “erronka komunei aurre egiteko, hala nola lan-inklusioari, bereziki digitalizazioan, adimen artifizialean eta antzeko arlo emergenteetan”.
Ekitaldian, prestakuntzako eta lan-inklusioko eskaintza berritzaile baten bidez desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasuna eraldaketa digitalaren eta adimen artifizialaren esparruetan hobetzeko helburua duen proiektuaren helburuak, plangintza eta lehen ekintzak aurkeztu dira.
Ekitaldia online ere jarraitu ahal izan da, proiektuaren mugaz gaindiko izaera sendotu delarik.
AAren bidez lan-inklusioa indartzeko proiektu bat
INCLUS-IA, zeinak 1,7 milioi eurotik gorako aurrekontu totala baitu, Europar Batasunak finantzatu du % 65ean, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bidez (POCTEFA 2021-2027). POCTEFAren helburua da Espainia, Frantzia eta Andorrako mugaldearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea.
Proiektuak aurreikusten du desgaitasunen bat duten pertsonek zuzenean parte hartzea Nafarroan eta Pirinio Atlantikoetan, prestakuntza- eta akonpainamendu-programa pilotu bat garatzea desgaitasuna duten pertsonak digitalizazioari eta adimen artifizialari lotutako sektoreetan laneratzera erraztera bideratua, eta mugaz gaindiko sentsibilizazio-estrategia bat martxan jartzea.
Bileran, proiektuaren egitura landu da, bost lan-lerro handitan egituratua: kudeaketa, komunikazioa, pilotuaren diseinua, inplementazioa eta mugaz gaindiko estrategia.
Bestalde, hurrengo urratsak definitu dira, barnean direla zereginak erakunde parte-hartzaileen artean banatzea eta lehen faseen garapena markatuko duten proiektuaren hasierako urratsa garrantzitsuak.
INCLUS-IA proiektua Nafarroako Gobernuak zuzentzen du eta mugaz gaindiko partzuergo batek parte hartzen du, zeina Nafarroako Gobernuak eta bazkide hauek osatzen baitute: Ciganda Ferrer-Colegio el Molino Fundazioa, TeReSa Fundazioa, TASUBINSA eta STEP frantziarra. Erakunde elkartu gisa, batera arituko dira ADAPEI, Les PEP, NASERTIC enpresa publikoa, ERIC, CAP Emploi, IA Pau eta La French Tech.
Lankidetzako ekosistema horrek batzen ditu entitate publikoak eta inklusioan, enpleguan eta prestakuntzan espezializatutako eta berrikuntza sozialarekin eta aukera-berdintasunarekin konprometitutako erakundeak.