European Circular Innovation Valley (ECIV) programak Europar Batasunaren kofinantzazioa du, eta Nafarroako Gobernuaren eta Sodena sozietate publikoaren laguntza. Programak proiektuen lehen deialdia itxi du, eta Nafarroako erakundeek parte-hartze eta ordezkaritza handia izan dute.

Guztira, Europako hainbat eskualdetako 117 erakundek bultzatutako 21 proposamen aurkeztu dira. Besteak beste, eskualde hauetatik: Eskozia, Northern Netherlands (Groningen, Drenthe eta Fiesland), Normandia, Middle Northern Sweden (Dalarna, Gävleborg eta Värmland), Nafarroa eta beste lurralde batzuk. Proposamenen kopuruak erakusten du ekonomia zirkularrak interesa pizten duela, gero eta inportanteagoa dela, eta Europako berrikuntzaren eta lehiakortasunaren motorra dela.

Nafarroako parte-hartzea transbertsala eta balio erantsi handikoa izan da

Nafarroak protagonismo handia izan du lehenengo edizio honetan. Izan ere, nazioz haraindiko zortzi proiekturen buru izan da, eta guztira 13 proposamenetan parte hartu du. Ekimen horiek 7,17 milioi euroko aurrekontua dute guztira, eta 6,13 milioiko finantzaketa eskatu dute.

Proposamenek Europako ekonomia zirkularrerako funtsezko eremuak hartzen dituzte, hala nola nekazaritzako elikagaien azpiproduktuen balorizazioa, bioprozesu eta biomaterial aurreratuen garapena, industria-sinbiosia, berrerabiltzeko eta birziklatzeko materialen eta soluzioen zirkulartasuna, edo uraren eta lotutako baliabideen tratamenduaren optimizazioa.

Nafarroako ekosistemako eragile askok parte hartu dute: elkarte sektorialek, zentro teknologikoek, ETE berritzaileek eta eremu sozialeko entitateek. Multzo horrek eskualdeko sarearen sendotasuna eta heldutasuna indartzen du berrikuntza zirkularraren arloan.

Mobilizazioaren funtsezko faktoreak eta hurrengo urratsak

Parte-hartzea handia izan da programa misioetara bideratu delako, eta aurreko hilabeteetan ECIV taldeak Nafarroan hainbat lan (informazio-saioak, topaketa teknikoak eta laguntza jarraitua) egin dituelako erakundeen arteko trukea errazteko. Prozesuak ECIVen matchmaking plataformaren laguntza izan du bazkideak identifikatzeko eta lankidetza berriak sortzeko, eta lagungarria izan da partzuergo sendoak sortzeko eta programaren lehentasunekin bat etorrarazteko.

Nafarroak 2.522.500,00 euroko aurrekontua du proiektu irabazleetan parte hartzeko hautatzen diren Nafarroako entitateak finantzatzeko. Entitateak ebaluazio-prozesu baten bidez hautatuko dira 2026ko ekainean, aurreikuspenen arabera.

Bigarren deialdiari begira, ECIV lanean ari da lehentasun berriak zehazteko eta eskualdeen arteko lankidetza indartzeko, eragin handiko ekimenak sor daitezen, orain arte bezala. Halaber, aurreikuspenen arabera, 1.288.750,00 euroko aurrekontua egonen da parte hartu nahi duten erakundeentzat.

Nafarroa, ekonomia zirkularrago eta lehiakorrago baterantz

Emaitza horiekin, Nafarroak ekonomia zirkularrean aplikatutako berrikuntzarekin duen konpromisoa indartzen du, bai eta jasangarritasuna, baliabideen erabilera eraginkorra eta balio-kate berrien finkapena sustatzen dituzten Europako proiektuetan aktiboki parte hartzea ere. Foru Komunitateak lanean jarraituko du berrikuntza zirkularreko ekosistema indartzeko, nazioarteko lankidetza sustatzeko eta bere erakundeei laguntzeko ekonomia jasangarriagoa eta erresilienteagoa bultzatuko duten Europako funtsak erakartzen.