Nafarroako ordezkaritzak Txinara egindako bidaiaren lehen lan-egunean, Maria Chivite Navascués Nafarroako lehendakariak eta Mikel Irujo Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak goi- mailako bilera bat egin dute CSCEC eraikuntzako enpresa erraldoiarekin eta CCPIT merkataritza sustatzeko enpresa publikoarekin.

Chivite lehendakariak, Pekinera joandako ordezkaritzaren buru dela, enpresa-harremanak bultzatzen eman ditu Txinako hiriburuan igarotako lehen orduak.

Zehazki, Chivite lehendakariak eta Irujo kontseilariak bilera bat izan dute Chen Yong China State Constuction Engineering Corporation (CSCEC) erakundeko lehendakariordearekin. Munduko eraikuntza-enpresa handienetariko bat da, azpiegituren eta obra zibileko proiektu handietan eta enpresa-parkeetan espezializatua. Joan den urtarrilean, Nafarroako Gobernuak eta CSCECek elkar ulertzeko memorandum bat sinatu zuten, industria-azpiegituren multzoa garatzeko.

Elkargunean, Chivitek adierazi du Foru Komunitatea eta haren industria-ekosistemak erreferentziazko plataforma bat direla Txinako enpresentzat, Europan zabaltzeko dituzten planei begira. Azpimarratu duenez, “CSCECek plangintzaren, eraikuntzaren eta industria-koordinazioaren alorretan dituen gaitasunak bete-betean datoz bat gure premiekin; hortaz, lehen mailako bazkide estrategiko bat da”.

Nafarroaren standa ekaineko CISCE azokan

Pekineko eguneko agendarekin jarraitzeko, China Council for the Promotion of international Trade (CCPIT) erakundeko ordezkariekin elkartu dira, Liu Jiaman lehendakariordea buru zutela. Kanpo-merkataritza, inbertsioa eta nazioarteko lankidetza ekonomikoa bultzatzen dituen erakunde publiko bat da.

Elkarrekin izan diren artean, Irujo kontseilariak baieztatu du Foru Komunitateak datorren ekainean stand propioa izanen duela lehenbizikoz CISCE azokan, zeina Pekinen eginen baita ekainean.

Irujok adierazi duenez, “Nafarroak CISCEn parte hartzea aukera estrategiko ona da gure industria-ehuna nazioartean zabaltzen laguntzeko eta aliantza garrantzitsuak ezartzeko eragile globalekin lehentasunezko eremuetan, hala nola energian, automobilgintzan eta teknologian”.

China International Supply Chain Expo azoka Pekinen egiten da, eta hornidura-kate globaletan zentratutako China Council for the Promotion of International Trade erakundeak antolatzen du. Beste erakusketa komertzial batzuk ez bezala, ez da produktuetan bakarrik zentratzen, industrien arteko lotura ere kontuan hartzen baitu; hala, aliantza estrategikoak bultzatzen ditu energiaren, teknologiaren, automobilgintzaren, logistikaren eta beste sektore batzuetako enpresen artean. Haren helburua da nazioarteko lankidetza eta industria-sare globalen integrazioa erraztea, eta, horretarako, partaidetza handia du erakunde eta enpresetan.

Europar Batasuneko ETEen Zentrorako bisita Txinan

Nafarroako ordezkaritzak, bidaia ofizial honetako lehen jardunaldia burutzeko, Europar Batasuneko ETEen Txinako Zentroa bisitatu du.

Txinako merkatuan sartu nahi duten ETE europarrei, dagoeneko Txinan diharduten eta arauen edo merkataritzaren aldetik babesa behar dutenei eta Txinan bazkide edo bezeroak bilatzen dituzten ETEei laguntza praktikoa, doakoa eta diruz lagundua eskaintzen die EBk finantzaturiko plataforma honek.

Funtsean, EBren eta Txinaren arteko “zubi operatibo” bat da, arau ugariko merkatu konplexu horretan sartzea errazten duena.