Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak, Iruñeko Udalak eta Navarra-Nasuvinsa KTEk Energia Komunitateen Europako IV. Kongresua eta Bulego Berdeen Estatuko II. Topaketa aurkeztu dituzte gaur goizean Iruñeko Txantrea auzoko Bulego Berdean. Hain zuzen ere, maiatzaren 6an eta 7an izanen dira, Nafarroako hiriburuko Baluarte Biltzar Jauregi eta Auditorioan. Kongresua erreferentziazko gune izatera iritsi da, pertsonek trantsizio energetikoan funtsezko zer zeregin bete behar duten hausnartzeko, ikasteko eta esperientziak trukatzeko.

Nasuvinsako trantsizio energetikoko arduradun Yael Loreak eman dio hasiera ekitaldiari, bertaratuei ongietorria eginez, eta nabarmendu du “oso leku ezaguna” dela Iruñeko biztanleentzat, “zeren eta Nasuvinsak, Iruñeko Udalarekin elkarlanean, hamarkada bat baino gehiago baitarama bertan zerbitzua ematen”. Halaber azpimarratu du Nasuvinsaren ardatzetako bat dela “Nafarroako biztanle guztiei zerbitzua ematea eta laguntzea, erdigunean pertsonak jarriz, eta, harekin batera, gizarte-kohesioa, berrikuntza, trantsizio energetikoa eta administrazioen arteko lankidetza. Ardatz horiek ematen diote zentzua gaurko topaketari”.

Bere hitzaldian, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilari Mikel Irujok azaldu du Departamentuak trantsizio energetikoaren alde egin duela eta energia-komunitateek funtsezko eginkizuna dutela, gai direlako herritarrengana iristeko eta haiek trantsizio energetikoan partaide egiteko. Kontseilariaren arabera, “Nafarroan testuinguru egokia dago energia-komunitateak sortzeko, finantzaketa-tresna espezifikoei, foru-aginduaren bitartez ezarritako erregulazioari eta Nasuvinsak kudeatutako Navarra KTEren bulegoek ematen duten laguntzari eta aholkularitzari esker. Gaur egun, Foru Komunitateak 84 energia-komunitate ditu, eta, beraz, Estatu osoan biztanleko energia-komunitate gehien dituen erkidegoa da”. Ekosistema hori sendotzeko asmoz, Irujok nabarmendu du pozgarria dela Energia Komunitateen Europako IV. Kongresua eta Bulego Berdeen Estatuko II. Topaketa antolatzea, Iruñeko Udalarekin elkarlanean, eta azpimarratu du “ekitaldia handitu egin dela, eta erreferentzia dela Estatu osoan, bai maila profesionalean, bai energia-komunitateen arloan”.

Bestalde, Iruñeko alkate Joseba Asironek azaldu du “trantsizio energetikoa ez dela kontu tekniko bat bakarrik; batez ere, kontu soziala da: herritarrek parte hartzen ez badute, ezinezkoa da trantsizioa. Horregatik, Iruñean, energia-komunitateak eta bulego berdeak sustatzen ari gara, aldaketa hori auzoetara eta pertsonengana hurbiltzeko”. Hori dela eta, “aurten, Nafarroako Gobernuko Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuarekin eta Nasuvinsarekin lankidetzan, beste urrats bat egin nahi dugu: ezagutza sortu, esperientziak partekatu, eta herritarrak inplikatzen jarraitu. Maiatzaren 6an eta 7an, Estatu eta Europa mailako topagune bihurtuko da Iruñea, hurbilekotik abiatuta energiaz hitz egiteko”, esan du bukatzeko.

Nazioarteko parte-hartzea

Ikuspegi horretatik, Energia Komunitateen Europako IV. Kongresuak eta Bulego Berdeen Estatuko II. Topaketak ezagutza baliagarria, transferigarria eta aplikagarria sortu nahi dute, eta pertsonek, erakundeek eta enpresek lan- eta kudeaketa-eredu jasangarriagoetarako trantsizioan eragile aktibo gisa duten zeregina indartu.

Kongresuarekin batera Bulego Berdeen II. Topaketa egiteaz gain, bai Estatuan eta bai nazioartean erreferentzia diren zenbait hizlarik parte hartuko dute aurten; besteak beste, hauek: Karlijn Stokkers, Herbehereetako Energie Samen kooperatibako senior coordinator financing, zeinak bere eskualdean energia-komunitateak finantzatzeari buruzko bere esperientziaren berri emanen baitu; Sébastien Delpont, Energiesprong Franceko zuzendaria, zeinak errehabilitazio industrializatuaren berritasunak azalduko baititu; eta Patricia Álvarez, Danimarkako enbaxadako senior advisor energy, energy efficiency & sustainable urban solutions, zeinak Danimarkako hiriburuko bero-sareen esperientzia azalduko baitu.

Hemen kontsultatzen ahal da egitarau osoa, eta bertaratu nahi duten guztiek esteka honetan ematen ahalko dute izena, gaurtik aurrera.