Sudango herritarrak munduko larrialdi humanitariorik larriena jasaten ari diren artean, Europar Batasunak Sudani buruzko Hirugarren Nazioarteko Biltzarra antolatu du Berlinen, Alemaniarekin, Frantziarekin, Erresuma Batuarekin, Estatu Batuekin eta Afrikar Batasunarekin batera.

Sudango gerraren laugarren urtea bete den honetan, biltzarraren helburua da mundu-ekintza Sudanen alde mobilizatzea une kritiko honetan.

EBk, bere estatu kideekin batera, 811,84 milioi euroko laguntza hitzeman zuen herrialdearen egoera larriari premiaz erantzuteko, bai mugen barruan, bai mugez harago. EBk hitzemandako totaletik, Europako Batzordeak 360,8 milioi euroko ekarpena egin du; haietatik 215,5 milioi premia duten pertsonei bideratuko zaizkie Sudanen, eta 145,3 milioi, berriz, gerrak beste herrialde batzuetan —Txad, Hego Sudan, Etiopia, Afrika Erdiko Errepublika, Uganda, Egipto eta Libia— eragindako errefuxiatuen eskualde-krisialdiari erantzuteko. Europa Taldearen gainerako finantziazioa herrialde hauek eman zuten: Austria, Belgika, Zipre, Estonia, Finlandia, Frantzia, Alemania, Grezia, Irlanda, Italia, Luxenburgo, Herbehereak, Polonia, Portugal, Eslovenia eta Suedia.

EBren laguntzak bideratuko dira elikagaien segurtasunik eza konpontzera laguntza-zerbitzuak eskudirutan emanez eta osasun- eta nutrizio-zerbitzuak, ura eta saneamendua, etxebizitzetarako laguntzak, babesa eta hezkuntza eskainiz. Finantziazio hori erabiliko da, halaber, funtsezko zerbitzuak mantentzeko, irauteko baliabideak babesteko eta erresilientzia sendotzeko, eta, aldi berean, Sudanen epe luzera bakea sendotzen laguntzeko.

Gerra piztu zenetik hiru urte igaro direnean, inoiz ez bezalako krisialdia bizi izaten ari da Sudan: 13 milioi pertsonak baino gehiagok migratu behar izan dute, 33,7 milioik laguntza behar dute eta gosetea baieztatu da zenbait eskualdetan. 30 milioi pertsonak elikagai-laguntza behar dutela eta 12 milioi pertsona (haurrak barne) genero-indarkeria jasateko arriskuan daudela, biltzarrak nazioarteko laguntza mobilizatuko du sufrimendua arintzeko, liskarrekin akitzea exijitzeko eta zibilek zuzenduriko etorkizun demokratiko eta baketsu baterako bidea lantzeko. Ikusgai eginen ditu, halaber, Sudango biztanleria zibila eta lekuan bertan lanean diharduten gobernuz kanpoko erakundeak.

2025ean Londresen egin zen Sudanen aldeko goi-mailako biltzarrean, EBk eta estatu kideek 522 milioi euroko laguntza humanitarioa hitzeman zuten Sudango eskualde-krisialdirako, Batzordeak 2024an esleituriko 260 milioi euroen ondotik (barnean sartuta tokian bertan erantzuteko 147 milioi euro). Goseteak eta indarkeriak okerrera egin ondotik ahalegin horiek areagotzean oinarritu da gaur Berlinen egindako biltzarra.

EBk, 2013az geroztik, 1.000 milioi eurotik gorako laguntza eman du Sudango erantzun humanitarioaren alde. Sudanen, EBren finantziazio humanitarioa konfiantzazko bazkide humanitarioek inplementatzen dute; besteak beste, NBEren agentziek, Gurutze Gorriaren eta Ilargierdi Gorriaren Nazioarteko Mugimenduak eta nazioarteko GKEek.

EBk, gainera, giza eskubideetan, irauteko baliabideetan, osasunean eta eskola-elikaduran zentratutako proiektuak babesten ditu migrazioak eragindako eremuetan, eta krisialdiaren ondorioei aurre egiten laguntzen die inguruko herrialdeei (Txad, Hego Sudan, Etiopia eta Afrika Erdiko Errepublika, besteak beste). EBren ikuspegia da funtsezko zerbitzuak mantenduz epe luzerako erresilientzia eta leheneratze jasangarria sustatzea.