Nafarroako Turismoak jardunaldi bat antolatu du, gaur goizean, MRR funtsek Baztan-Bidasoa eremuko eraldaketa turistikoan duten eragina jakinarazteko eta ikusarazteko. Hau izan da Nafarroako beste eskualde batzuk zeharkatuko dituen biraren lehen geldialdia, bira osoak ere helburu bera duela: eskualde bakoitzean egindako proiektu eta jarduera interesgarriak ezagutzea, aldi berean lurraldeko eragile publiko eta pribatuekin elkargune profesional bat sortuz.

Lehen jardunaldi horretan izan dira Rebeca Esnaola Nafarroako Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria eta Alicia Echeverría, Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria. Haiekin batera parte hartu dute, halaber, Ana Rivas Turismoko zuzendari nagusiak eta inguruko alkateek, bai eta Baztan-Bidasoko elkarte- eta enpresa-sareko ordezkariek ere.

Eguneko lehen geldialdia Amaiurko Harrera Gunean egin dute bertaratuek, Baztan-Bidasoa Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planeko jardueretako bat baita. Herri horretan, Agerrea Interpretazio Zentroan izan dira, eta taldeari harrera egin dio Amaiur Fundazioko Juan Mari Alemanek. Ondotik, gazteluan sartzeko gunera joan dira, kontrol-sistema digital bat instalatuta dago han eta.

Bidasoko Bide Berdeko pasabide berria, Lekaroz parean dagoena, izan da ibilbidearen hurrengo puntua, eta Fernando Anbustegi Baztango alkateak eta Ibon Mimentza Cederna Garalurreko kudeatzaileak hartu dute parte.

Eguneko ekitaldi nagusia Bertiz ITB Landa Turismoko Zentroan egin da. Hain zuzen, aurkezpen batean xeheki azaldu dute Europako funtsek nolako eragina izan duten Nafarroa osoan, eta bereziki eremu horretan, egindako proiektuetan ez ezik, baita sektorera zuzenean iritsi diren dirulaguntzetan ere.

Gero, taldea Doneztebera joan da, bizikleta bidezko mugikortasun-jarduerak ezagutzera Arantxa Arregi alkatearen eskutik. Bisita horrekin, azkena eman zaio jardunaldiari.

Europar Batasuneko Next–Generation funtsak COVID-19aren krisialdiaren ondotik ekonomia suspertzeko sortu ziren, eta Nafarroako turismo-sektorean 85 milioi eurotik gorako inbertsioa egin da haiei esker. Haietatik 72 milioi baino gehiago lurralde mailan banatu dira, Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planen (HJTP) eta Helmugen arteko Kohesio Ekintzen (HKE) bidez.

Baztan-Bidasoa HJTPren bidez —4.740.000 euroko inbertsioa izan da—, mugikortasun jasangarriaren arloko jarduerak egin dira Bidasoko Bide Berdea hobetuz, hala nola Onbordiko Tunela iragazgaiztea, babes-galeria eraikitzea Donezteben eta prebentzio-galeria Sunbillan, bidea Berarekin lotzea, Urrozko atsedenlekuan ekipamenduak instalatzea edo bideak eta bide-zoruak egokitzea. Era berean, jarduketak egin dira Xorroxingo Erreserba Naturalean ere.

Produktu turistikoa sortzeari dagokionez, inbertsioari esker, Etxalarko ingurumena eta hegazti migratzaileak interpretatzeko zentroak forma hartu du, Amaiur eta bere azpiegiturak (Agerrea) egokitu dira eta zikloturistentzako produktua sortu da. Halaber, esperientzia turistikoak garatu dira Zugarramurdiko Akelarre leizerako, baita produktu gastronomikoa bultzatzeko Artoa eta Gastrolurra proiektuak ere.

Adimen turistikoko proiektuez ari garela, Amaiurko gaztelurako sarbidea kontrolatzeko sistema bat eta zonako jendetza eta inpaktuak neurtzeko sistema bat ezarri dira. Bestalde, ibilbide eta bidezidorrak digitalizatzeaz gainera, enpresa turistikoen haztegi digital bat sortu da, eta Zugarramurdiko leizeko ondare naturala eta Pottoka bidexka digitalizatu dira. Era berean, Baztan-Bidasoa lurraldeko marketin digitaleko plana sortu da.

Espazioak kudeatzeari dagokionez, Erratzu-Baztango harrera-gune bat sortu da, eta Amaiurko bisitarien harrera-zentroan inbertitu da. Azkenik, kudeaketaren esparruan, Helmugaren Gerentzia Bulegoa eta NEXT bulegorako (Cederna Garalur) laguntza teknikoaren bulegoa jarri dira martxan.

Europako funtsen bidez zenbait laguntza eskaini ahal izan dira, eta eremu honetan 653.527 euroko inbertsioa izan da sektore publikoarentzat eta 292.396 eurokoa sektore pribatuarentzat.

Laguntzak toki-entitateei eta enpresei zuzendu zaizkie. Lehen kasuan, turismo-informazioko bulegoak eta guneak eraldatzea bultzatu da (Baztan eta Zugarramurdi); ostatu zirkularren, atseden-eremuen, paisaiaren eta mugikortasun iraunkorraren inguruko ekintzetarako diru-laguntza jaso du Baztango Udalak; eta leizeetarako irisgarritasuna hobetu da Zugarramurdiko Udalean.

Enpresei zuzenduriko dirulaguntzei dagokienez, hainbat esparrutarako dirulaguntzak eman dira; besteak beste, esparru hauetarako: autobabesa eta klima-egokitzapena, mugikortasun jasangarria, energia-eraginkortasuna, lehiakortasunaren hobekuntza eta etxetresna elektrikoak berritzea.